Udal eta foru hauteskundeak 2023

Azkoitia Baik herritarrekin batera erabakiko du ostegunean kargu hartze ekitaldiko botoa

Andoni Elduaien 2023ko eka. 13a, 09:29

Azkoitia Bai herri plataformak Lajan zerrenda aurkeztu zuteneko irudia. (Andoni Elduaien)

Etzi, osteguna, 18:00etan egingo du batzar irekia Azkoitia Bai herri plataformak Elkarguneko Oteiza aretoan. Plataformak abstentziora jo duten herritarrak eta boto emaileak deitu ditu etziko bilerara, eta nabarmendu du "denen artean" erabakiko dutela larunbateko kargu hartze ekitaldian emango duten botoa.

Zapatuan izango da 2023-2027 agintaldiko udal ordezkarien kargu hartze ekitaldia. Alkatetzarako nahiz Udal Gobernuaren osaketarako aukera guztiek zabalik jarraitzen dute oraindik orain, eta guztiaren giltza duen Azkoitia Bai herri plataformak etzi, osteguna, hartuko du larunbatera begirako erabakia. Plataformak ohar bidez azaldu duenez, ostegunean batzar irekia egingo dute 18:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan. "Denon artean gure botoa erabakiko dugu", azaldu dute.

Alkate berriaren aukeraketaren aurrean herri plataformak izan dituen elkarrizketen nondik norakoak azalduko dituzte plataformako ordezkariek batzar horretan, eta herritarrek izan ditzaketen zalantzei ere erantzungo diete. Are gehiago, Azkoitia Bai herri plataformak bilera horretan parte hartzen duten herritarrekin batera erabakiko du larunbateko kargu hartze ekitaldian plataformako hiru zinegotziek emango duen botoa zein izango den. Plataformak abstentziora jo duten herritarrak eta boto emaileak deitu ditu etziko bilerara.

Udalean ordezkaritza lortu duten lau alderdietako kideek azken bi ostegunetan bilerak egin dituzte elkarrekin, baina Azkoitia Baik azaldu du "alderdi baten portaerarekin txundituta" daudela. "Udal antolaketarako proposamena idatziz ekartzeko eskaerari baietz erantzun ostean, ez zuten ezer ekarri lehen bilerara; udal antolaketaz hitz egitea, prozesua teilatutik hastea zela esan zuten". Plataformaren esanetan, "programa behin eta berriz" aipatu zuten alderdi horretako kideek. Oharrean plataformak izenik aipatu ez badu ere, EH Bilduri egin dio erreferentzia hori; izan ere, joan den igandean koalizioak adierazi zuen Azkoitia Bai taldeak ez duela aldebiko bilerarik egin nahi izan, eta ondorioz, akordio programatikorako proposamena idatziz helarazi diela.

Hilaren 1eko lehen bileraren ondotik, komunikabideen inguruan ere behin baino gehiagotan aritu dira alderdi politikoak. "Komunikabideetan ezer ez argitaratzeko erabakia hartu zela adierazi zuten, baina hori ere ez zen horrela izan; guk ez genuen inoiz horrelakorik esan". EH Bilduk hilaren 8ko bileran aurkeztu zuen udal antolaketa zehazteko koalizioaren proposamena, plataformaren esanetan. "Programaz hitz egin behar zen bigarren bilerara ekarri zuten udal antolaketa zehazten zuten idatzia, nahiz eta lehen bilerara ekarri behar zuten; gobernuan alderdi guztietako ordezkariak azaltzen ziren, baina gero guztien arteko gobernu batean beraiek ez zirela egongo esan zuten".

Azkoitia Bai herri plataformak jakinarazi du, bilera hura "bukatu eta berehala" idatzi bat luzatu zietela Udal Gobernua batera osatzeko proposamena eginez. "Idatzi bat luzatu ziguten, beraiekin Udal Gobernua osatzeko proposamena eginez, bileran denon arteko udal antolakuntza bat proposatzen zuen idatzi bat denoi luzatu zigutenean. A esan eta B egin dute".

Era berean, plataformak nabarmendu du "guztiak batera biltzeari zentzu guztia kendu" diotela, eta ez dakitela alderdi horrekin orain izango dituzten elkarrizketetan "portaera berbera" izango duten edo ez. "Lehen beste alderdietako kideak zeuden hau guztia egiaztatzeko". Halaber, Azkoitia Baik adierazi du prentsaren aurreko argitalpenetan pertsonen eta alderdien izenak ez argitaratzea eskatu zietela. "Beraiek eginiko argitalpenean gure taldea aipatu zuten, eta egun gutxira, berdina eginez argitaratu zuten bigarrena".

Alderdi guztiek "batera hitz egin" eta "guztia argitaratzeko nahia" azaldu du plataformak. "Ez genuen alde bateko edo besteko herritarrik baztertu nahi, baina ezinezkoa izan da gure erabaki hau aurrera eramatea, dagoeneko alderdi bat desmarkatu egin baita". Azkoitia Baik azpimarratu du orain "denbora gutxian" alderdi bakoitzarekin bildu eta erabakia hartu beharko dutela. "Herritar askok dioen bezala, Azkoitia Bai herri plataformak izango du giltza. Ordea, kontuan hartu, saiatu arren, giltzak bere sarraila aurkitzen ez badu ez duela balio handirik".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide