Jon Unanue Goenatxo III.ak irabazi du aurtengo Etxauriko Harria txapelketa. Atzo, igandea, 1.300 lagunen aurrean jokatu zuten Alberto Lakostaren omenezko XVIII. Etxauriko Harria txapelketa, Etxauriko (Nafarroa) pilotalekuan. Aimar Galarraga, Gorka Etxeberria, Imanol Royo eta harri-jasotzaile azkoitiarrak parte hartu zuten gizonen txapelketan, eta Udane Ostolazak, Ane Zinkunegik eta Olaia Esnaolak emakumeetan.
Gizonek 136,5 kiloko harria altxatu behar izan zuten, eta emakumeek 68 kilokoa. Gizonetan, harriari 11 altxaldi emanda lortu zuen azkoitiarrak txapelketa irabaztea. Bederatzina altxaldi egin zituzten Etxeberriak eta Galarragak, baina azken horrek gorputz pisu handiagoa duela eta, Etxeberria izan zen bigarrena eta Galarraga hirugarrena. Laugarren, berriz, Xabier Aranburu Guztaren partez aritu zen Royo sailkatu zen, zortzi jasoaldirekin. Harri-jasotzaile azkoitiarrak adierazi zuen bere marka onena –hamabi jasoaldi– gainditzera joan zela atzo Etxaurira. Lortu ez bazuen ere "oso pozik" agertu zen Goenatxo III.a garaipenagatik.
Emakumeetan, berriz, Ostolaza izan zen txapelduna harriari hamahiru altxaldi emanda. Bigarren sailkatu zen Zinkunegi hamabi jasoaldirekin eta Esnaola hirugarren, harriari bederatzi altxaldi emanda.