Ondarroan (Bizkaia) jokatu dute gaur, igandea, Euskadiko Arraun Txapelketa, eta Jon Unanue arraunlari azkoitiarra aritzen den Urdaibai taldeak (Bizkaia) eskuratu du beste behin garaipena. Taldeak 19:35,79ko denboran amaitu du estropada, eta ia hamabost segundoko aldea atera dio bigarren sailkatuari, Hondarribiari; ia minutu erdi, berriz, hirugarren sailkatu den Zierbenari.
Iaz ere azkoitiarraren taldeak irabazi zuen Euskadiko Traineru Txapelketa, orduan klubaren historian zortzigarrena. Emakumeetan, berriz, Donostiarra Arraun Elkartea nagusitu da. Biek ere pasa den asteburuan Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak irabazi zituzten, hurrenez hurren.