Udal eta foru hauteskundeak 2023

Akordio programatikoak adosteko saiakeran jarraituko du Azkoitiko EH Bilduk

Ane Olaizola 2023ko eka. 11a, 09:24

EH Bilduk azken astearen balorazioa kaleratu du ohar bidez, eta jakinarazi du Azkoitia Bai taldeak ez duela aldebiko bilerarik egin nahi izan. Hurrengo larunbatean, hilaren 17an, izango da Udal Gobernu berria osatzeko udalbatzarra, eta astebeteren faltan, "garaiz" daudela esan du koalizioak. 

Udal Gobernu berria nortzuk osatuko duten airean da oraindik Azkoitian, eta EH Bilduk azken astearen balorazioa kaleratu du ohar batean. Koalizioak azpimarratu du "akordio programatikoetan" oinarritzea ezinbestekoa izango dela herriak maiatzaren 28an bozkatutako "aldaketa" gauza dadin. Hain zuzen, koalizioaren "abiapuntua aldaketa gauzatzea" dela azpimarratu du Azkoitiko EH Bilduk, eta akordio programatikoak adosteko saiakeran jarraituko dutela aurreratu dute. 

Azken astean zehar alderdi guztietako ordezkariekin bilera egiten saiatu direla adierazi du koalizioak, eta haren arabera, Azkoitia Bai taldeak ez du aldebiko bilerarik egin nahi izan. Ondorioz, akordio programatikorako proposamena idatziz helarazi die. Hurrengo larunbatean, hilaren 17an, izango da Udal Gobernu berria osatzeko udalbatzarra, eta astebeteren faltan, "garaiz" daudela esan du Azkoitiko EH Bilduk, eta ateak ireki dizkie "herri eredu berri baten alde" lan egin nahi duten taldeei eta norbanakoei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide