Txulue elkartearen eskutik, Pilotari Eguna ari dira ospatzen gaur, larunbatez, Azkoitian, eta aurreikusita bezala, herritarrek bero erantzun diote zazpigarren aldiz egiten ari dira egitasmoari. Azkoitiak eta pilotak historikoki duten lotura gogoratzeko asmoz, haren ikur den Kontzejupean elkartu dira pilotariak zein pilotazaleak, eta paregabeko giroa izan da nagusi eguerdian zehar. Antolatzaileek Txikito dinastiari egin diote aurtengo aitortza berezia, pilotari ugariren familia izan delako hura. Ohi bezala, aurresku eta oroigarri artean omendu dituzte txikitotarrak Kontzejupean elkartutako herritar ugariren aurrean, eta hunkituta jaso dute horiek herritarren aitortza. Bertsoak ere izan dira ekitaldian; "Azkoitia izan dadila pilotarien arkupea" esanez amaitu du Naia Agirrezabalagak berea.
Omenaldiak eman dio hasiera ofiziala aurtengo Piltoari Egunari, baina horren aurretik emakumeen pilota partidak izan dira. Arrieta azkoitiarrak eta Mujikak Iturriaga eta Orbegozo azpeitiarraren aurka neurtu dituzte indarrak herritar ugariren animopean, eta lehia estua izanagatik, Arrieta eta Mujika nagusitu dira. Omenaldiaren ondotik, berriz, gizonen txanda iritsi da: pilota munduan zale ugari dituzten Oinatz Bengoetxea Bengoetxea VI.a eta Yves Salaberri Xalak elkarrekin osatu dute bikotea, eta horiek Andreu eta Goenaga azkoitiarren aurka aritu dira. Norgehiagoka ikusgarria eskaini dute horiek, eta azkoitiarrak izan dira garaile
Eguerdiko saioen ostean, herri bazkaria izango dute Berdura Plazan, eta arratsaldean, pilota txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dituzte, 18:30ean hasita.