Sidenorrek Azkoitian duen lantegiko hainbat beharginek elkarretaratzea egin dute gaur, ostegunez, enpresaren aurrean, eta beste behin, zuzendaritzak langileen behin-behinekotasunarekin amai dezan eskatu dute han bildutakoek. Hango Langile Batzordeak (ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO) deituta egin dute protesta, eta hark azaldu du hamasei langile inguruk lau, bost edo sei urte daramatzatela aldi baterako kontratuarekin lanean. Era berean, salatu dute zuzendaritzak behin-behineko langileekin betetzen dituela "egiturazkoak" diren lanpostuak.
Sindikatuek azpimarratu dutenez, hilabeteak igaro dira zuzendaritzari eskatu zienetik lau urte baino gehiagoz behin-behinean lanean ari diren langileei kontratu mugagabea egiteko. Enpresaren erantzuna, ordea, "ezezko irmoa" izan dela azaldu dute horiek: "Epe laburrean ez dute langile gehiago finko egiteko aurreikuspenik".