Iraurgi Berritzenek sustatuta, Urola Erdiko bosgarren Zientzia eta Teknologia Azoka egingo dute bihar, ostirala, Azkoitiko Balda plazan. Bertan, 11:00etatik 13:00etara bitartean, eskualdeko ikastetxetako ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte.
Hain justu, landutako proiektuaren helburuez, emandako pausoez, erabilitako tresnez, lortutako emaitzez edota proiektuan zehar ikasitakoaz azalpenak emango dituzte talde ezberdinetan banatuta. Zientzia eta teknologia alorreko ikasgaietan ikaslea ikasketa prozesuko protagonista egitea eta proiektuen gidaritzan esperimentatzea lortu nahi izan da.
Hona hemen azokaren egitaraua:
- 11:00etan, ekitaldiaren irekiera eta udal ordezkarien agurra.
- 11:10ean, ikasleek egindako proiektuen aurkezpenak.
- 12:30ean, oroigarrien banaketa eta taldeko argazkiarekin agurra.