Zabalik da negozio berriak zabaldu nahi dituzten ekintzaileentzako dirulaguntzak eskatzeko epea

Andoni Elduaien 2023ko eka. 6a, 15:12

Araban, Bizkaian edota Gipuzkoan lantokia ireki duten ekintzaileei inbertsiorako nahiz gastuetarako laguntza emango dio Lanbidek. Iraurgi Berritzenek adierazi du "bi laguntzak bateragarriak" direla, eta onuradunek urriaren 30era arteko epea dutela dirulaguntza eskaerak egiteko.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak jakinarazi duenez, zabalik da negozio berriak zabaldu nahi dituzten ekintzaileek eska ditzakete dirulaguntzak. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emango du laguntza, eta helburua da Araban, Bizkaian edota Gipuzkoan lantokia ireki duten ekintzaileei bi eremutan laguntzea. Batetik, inbertsiorako dirulaguntza emango du Lanbidek, eta bestetik, gastuetarako laguntza. 

Inbertsioetarako dirulaguntzaren barruan, aurtengo urtarrilak 1etatik aurrera egindako inbertsioak lagunduko ditu Lanbidek diruz. Laguntza jaso ahal izateko, ekintzaileak 5.000 euroko (BEZ kanpo) inbertsioa egin beharko du, 3.500 euroko laguntza jaso ahal izateko. Halaber, laguntzaren zenbateko hori %15 handituko da eskaera aurkezteko unean sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa den kasuetan, eta beste %15 baldin eta ekintzailea emakumea bada.

Bestalde, gastuetarako laguntza ere emango du Lanbidek, hala nola Gizarteko Segurantzako autonomo kuotak, aholkularitza gastuak, publizitatea eta alokairua ordaintzeko. Dirulaguntzaren onuraduna izateko, ekintzailearen enpresak iazko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 30era bitartean eratutakoa izan beharko du; gehienez, 2.500 euroko laguntza emango zaie eskatzaileei. Dena den, laguntzaren zenbatekoa %15 handituko da eskaera aurkezteko unean ekintzailea 18-30 urte bitartekoa bada, eta beste %15 emakumea bada.

Garapen agentziak nabarmendu du "bi dirulaguntzak bateragarriak" direla, eta onuradunek urriaren 30era arteko epea dutela eskaerak egiteko. Halere, agentziak garbi utzi nahi izan du laguntzak enpresaburu, banako profesional eta ondasun-erkidegoetako nahiz sozietate zibiletako kideei daudela zuzenduta.

Informazio gehiago nahi duenak Iraurgi Berritzeneko ekintzailetza arloko Alazne Larrañagarekin (688 71 87 77) edota Ione Eizagirrerekin (688 60 12 99) jarri beharko du harremanetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide