Udal eta foru hauteskundeak 2023

"Azkoitiko EH Bilduren abiapuntua herriak adierazitako aldaketa gauzatzea da"

Nerea Uranga 2023ko eka. 4a, 09:41

Azkoitiko EH Bilduko ordezkariak.

Udal eta foru hauteskundeak izan eta astebetera, Azkoitiko EH Bilduk lehen asteko balorazioa egin eta horren berri eman du. Udalean ordezkaritza lortu duten alderdien artean egindako bileraz eta horren ostean Azkoitia Baik egindako adierazpenez ere jardun du.

Udal eta foru hauteskundeak izan eta astebetera, eta herrian alderdi bakoitzak izandako emaitzak kontuan hartuta, Azkoitiko EH Bilduk bere jarrera publiko egin du, eta kritiko azaldu da Azkoitia Baik aurreko astean egindako adierazpenekin. "Azkoitiak aldaketa bozkatu du; zenbakiek argi adierazten dute EAJ eta PSE-EE alderdien baturak gehiengo osoa galdu duela, eta beste alternatiba berri batzuentzako aukerak irekita geratzen direla EAJk zazpi hautetsi lortuta, EH Bilduk sei, Azkoitia Baik hiru eta PSE-EEk bat".

Hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta, Azkoitiko Udala osatzeko biltzen hasita daude udalean ordezkaritza lortu duten alderdiak. Joan den ostegunean bildu ziren lau aldeak, Azkoitia Baik deituta. EH Bilduren arabera, bilkura horren helburuak "udaleko antolaketa eta liberazioak adostea" ziren, datozen lau urteetako agintaldirako "proiektu nagusiak zehaztu gabe". EH Bilduren ustez, bileraren xede horiek "etxea teilatutik hastea" da. Horrez gainera, bileraren berri publiko egitea egotzi dio Azkoitia Bairi: "Izan ere, bilkura horren berri publiko ez egitea adostu genuen elkarrizketa prozesuak irauten zuen bitartean".

Bileran alderdi guztion arteko "aldebiko elkarrizketak martxan jartzea" adostu zutela adierazi du koalizioak, eta Azkoiti Baik ondorengo egunetan bilera horiek egiteari "uko" egin diola kritikatu du EH Bilduk: "Azkoitia Bai-Elkarrekinen jarrera hori ulerkaitza egiten zaigu eta arduraz jokatzeko eskatu nahi diogu".

"Akordio programatikoak"

Azkoitiko EH Bilduk nabarmendu du bere "abiapuntua herriak adierazitako aldaketa gauzatzea" dela, eta aldaketa "akordio programatikoetan oinarritzea" ezinbestekoa ikusten dutela: "Besteak beste, udalgintza komunitarioa bermatzea, kudeaketa txarrari buelta ematea, Buruzai proiektua edota San Jose egoitza. Edo horiek garrantzia galdu al dute orain?".

Aurretik akordio programatikoaz aritu gabe, Azkoitiko EH Bildu ez dago prest udal antolaketaz eta liberazioetaz hitz egiteko. Hori argi du: "Guretzat ez du zentzurik, proiektuak albo batera utzi eta funtzionamendua adosteak".

Datozen asteetan alderdi guztiekin hitz egiteko bilera erronda bat irekitzeko ahaleginean jarraituko duela esan du Azkoitiko EH Bilduk. Ondoren, ahalegin horretatik ateratzen dena baloratuko eta erabakiak jakinaraziko dituela esan du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide