Udal eta foru hauteskundeak 2023

Jose Joakin Etxaniz: "Emaitzen araberako Udal Gobernua osatzea nahi dugu"

Andoni Elduaien 2023ko eka. 2a, 10:59

Azkoitia Bai herri plataformaren zerrenda aurkeztu zuteneko irudia. (Azkoitia Bai)

Atzo egin zuten udaletxean Udal Gobernu berria osatzeko lehen bilera, eta alderdi guztietako ordezkariek parte hartu zuten han. Azkoitia Bai herri plataformako Jose Joakin Etxaniz zerrendaburuak adierazi du Udal Gobernua udal hauteskundeetako "emaitzen arabera" osatu nahi dutela. Era berean, jakinarazi du alkatetzarako botoa nori eman "erabaki gabe" dutela.

Kasik astebete igaro da udal hauteskundeen emaitzak ezagutu zirenetik, eta udalean ordezkaritza lortu duten alderdiek atzo, osteguna, egin zuten lehen bilera udaletxean. Batzar bateratua egin zuten, guztiek elkarrekin, datorren Udal Gobernu berriaren osaketa negoziatzen hasteko asmoz.

Gobernua osatzeko giltza Azkoitia Bai herri plataformak izango du, eta Jose Joakin Etxaniz zerrendaburuak adierazi duenez, Udal Gobernua "emaitzen arabera osatzea" nahi du herri plataformak, "inor baztertu gabe". "Gobernuan sartu behar diren kideak adostu, eta hauteskundeetan izan diren emaitzak udalera eramatea da gure nahia. Udal Gobernuaren osaketa eta programa alderdi guztion artean hitz egin eta adostu nahi ditugu. Guk ez dugu nahi alderdi batekin elkartzea eta beste bat alboan uztea".

Dena den, alkate berria izendatzeko giltza ere Etxaniz zerrendaburuaren alderdiak izango du, eta hark argitu du "oraindik ezer erabaki gabe" dutela. "Ez dakigu alkatetzarako nori emango diogun botoa. Ikusteko dago botoa alderdi bati, besteari, geure buruari edo zuria emango dugun; aukera guztiak zabalik ditugu. Negoziazioak hasi besterik ez dira egin, eta horien arabera hartuko dugu erabakia".

Garridoren adierazpenekin loturarik ez

Bestalde, Pilar Garrido Elkarrekin-Podemosen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako koordinatzaileak EFE agentziari adierazi dio bere alderdiak "ezkerreko gobernuak batzeko eta osatzeko giltza" duela, eta horixe egingo dutela aurreratu du. "Gure esku dagoenez, koalizio gobernu horiek osatu eta babestuko ditugu", azpimarratu du Garridok.

Bada, Etxanizek gezurtatu egin ditu Elkarrekin-Podemoseko koordinatzailearen adierazpenak, eta hark azaldu du Garridok egindako adierazpenek ez duela "inolako loturarik" herri plataformak. "Alderdi horrek egin duen adierazpen bat besterik ez da izan. Gurekin hitz egin gabe egindako adierazpenak dira".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide