Iraultzea beste aukerarik ez

Andoni Elduaien

Jon Arregi, kadete mailako pilotaria. (Andoni Elduaien)

Final laurdenen itzulerakoei atzetik ekingo diete Oteiza elkarteko eskuzko pilotariek eta gomazko palistek; tantoen aldea ere aurka dute oraingoz bi taldeek. Dena den, azkoitiarrek finalerdietara sailkatzeko ahaleginak egingo dituzte bihar, ostirala. Eskuzko taldea Gurea pilotalekuan arituko da Oiartzunen aurka, 22:00etan.

Azkoitiko Oteiza elkarteko kideek bihar, ostirala, jokatuko dituzte Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final laurdenetako itzulerako partidak. Eskuzko pilotariak Gurea pilotalekuan arituko dira Oiartzun iazko txapeldunaren aurka, 22:00etan. Gomazko palistek ere bihar dute hitzordua, eta 21:30ean jokatuko dute Donostiaren aurka, hango Loiola auzoko pilotalekuan.

Kanporaketak hankaz gora jarri zitzaizkien joan den astean bi taldeei. Eskuzko taldeak esku-eskura izan zuen garaipena Oiartzunen, baina 2 eta 1 galdu zuten pilotariek; kadete mailan, 15-22 irabazi zuten Jon Arregik eta Denis Galarzak; gazte mailan, 22-6 galdu zuten Jon Etxanizek eta Inhar Egañak, eta nagusietan, 22-19 galdu Mikel Aranbarrik eta Alex Juaristik. Gainera, tantoen aldea ere aurka dute gaur-gaurkoz pilotari azkoitiarrek: 59 tanto egin zituzten joanekoan oiartzuarrek eta 47 herritarrek.

Gomazko palistek ere 1 eta 2 galdu zuten etxean. Buruz buruko partidan 20-12 irabazi zuen Iker Epeldek, binaka 14-20 galdu zuten Oier Beitiak eta Oier Epeldek, eta zazpi koadroren barruan 5-20 galdu zuen Markos Azpirozek. Eskuzko taldeak bezala, gomazko palistek ere aurka dute tantoen aldea: 39 tanto alde eta 52 aurka.

Bi taldeei kanporaketa zaila jarri bazaie ere, lehia irekita dago oraindik herritarrentzat. Bihar, asko izango da jokoan nola Gurea pilotalekuan hala Donostiako Loiola auzoan; eskuzko pilotariak etxean saiatuko dira iazko txapeldunak kaleratzen, eta palistek Donostian defendatuko dute txapela.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide