Azkoitiko Udalak deitutako elkarretaratze isila egin dute gaur —asteartea— eguerdian herritarrek, Gasteizen jazotako hilketa matxista salatzeko. 12:00etan elkartu dira herriko plazan dozenaka lagun, tartean udaleko jarduneko alkatea zein ordezkariak, eta bost minutuko elkarretaratze isila egin dute.
Gasteizen 32 urteko emakume baten hilotza aurkitu zuten igandean apartamentu hotel bateko logela batean, bortxa zantzuekin, 3 urteko alaba alboan zuela; hura onik zegoen. Ertzaintzak adierazi duenez, indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira kasua, eta haren bikotekide ohia atxilotu dute Zaragozan (Espainia). Bi asteren barruan Euskal Herrian gertatzen den bigarren hilketa matxista izan da hori.
Itaiak deituta, beste elkarretaratze bat egin zuten atzo arratsaldean herriko plazan, eta dozenaka lagun bildu ziren orduan ere.