Zergatik erabaki duzu EAJren alkategaia izatea?
Alkategai izateko erabakia ez dut gehiegi pentsatu; nahikoa natural atera zait. Asko kostatu zitzaidan 2016ko azaroan nire lana uztea, eszedentzia eskatzea eta udaletxean buru-belarri sartzea; orduan askoz ere gehiago pentsatu nuen. Oraingoa jarraipen bat da. Gaur egun udaletxean nago, esperientzia dut, baina beste atetxo bat ere badago nire bulegotik kanpo: alkatearena. Ate horren barruan neu egon naitekeela pentsatzeak sortzen dit barruan halako zerbait. Halere, pausoa eman egin behar nuen. Oso gustura nago, talde bikaina eduki dugu eta udaletxean oso eroso sentitu naiz lanean. Orain arte egindako lanari jarraipena emateko pauso hau eman behar nuen.
Udal Gobernuan sartzen baldin bazarete, zein izango dira EAJren lehentasunak?
Oso garbi nuen gure programak hiru lan ildo eduki behar zituela: herria, bailara eta udala. Hauteskunde programak egiten direnean, oro har, herrira begirako gauzak egiten dira, hala nola herriko zerbitzuak, obrak eta proiektuak azaltzen dira horietan. Ordea, badaude bailarako proiektuak inguruko udalekin nahiz erakundeekin elkarlanean aurrera askoz ere errazago atera daitezkeenak. Bestalde, herrira begirako proiektu horiek ahalik eta eraginkorren nahiz ondoen egiteko, udal barrura begiratu eta kudeatu egin behar da.
Lan ildo bakoitzaren barruan, udalera begira, langileekin nahiz udal sailekin, horien arteko lotura sendotu nahi du, batzordeekin harremana estutu… Batetik, egitura horrek funtziona dezan nahi dut, herritarrei ahalik eta zerbitzu onena emateko, eta bestetik, gauzatu nahi ditugun proiektuak ahalik eta egokien nahiz lasterren egiteko. Bailarara begira, elkarlanerako lan ildoak dira errepideak, herriak nahiz hiriburuak lotzeko garraio publikoa, lanera begirako formazio edo hezkuntza sendo bat sortzea… Herrira begira, gaur egun dauden proiektuei jarraipena ematea da asmoa, besteak beste, irisgarritasuna, txukuntasuna, zerbitzu zein instalazio onak edukitzea, herriko elkarteekin elkarlana… Azken urteetan ikusi dugu herritarrek egundoko garrantzia ematen diela egunerokotasuneko gauzei. Ordea, zaila da herritarrek ulertzea udal barruko lan batzuk aurrera ateratzea zenbat kostatzen den.
Zein dira egun Azkoitiak dituen arazo nagusienak?
11.600 herritar inguru gara Azkoitian, eta, agian, 11.600 arazo egongo dira. Batentzat arazoa dena, beste batentzat ez da arazo. Askotan, badirudi, zarata gehien sortzen duen kontua dela herriko arazoa, baina gero ezin daiteke jakin. Azken bi agintaldietan, gutxienez, arazo bat sortzen bada, sinadurak bildu eta horiek udaletxean aurkezten dira. Baina, 200 edo 1.000 sinadura nahikoa al dira proiektu edo zerbitzu bat aurrera ateratzeko? Irisgarritasuna eta inklusioa dira herrian sumatu daitezkeen arazoak. Horrez gain, proiektu batzuen inguruan sortu direnak daude, hala nola Azkarateko kontua, eolikoen gaia eta egoitza. Arazoak al dira horiek? Batzuentzat arazoa izango dira eta beste batzuentzat ez. Horiei guztiei eutsi beharko zaie.
Azken agintaldian, zalaparta sortu dute Azkarateko hondakin guneak, San Jose egoitzaren kudeaketak eta Oletako Buruzai eolikoen proiektuak. Nola kudeatuko dituzue gai horiek?
Azkarateko gaiarekin hasiz, garbi adierazi genuen gaia aho batez nahi genuela aurrera eramatea; berdin pentsatzen jarraitzen dut. Momentu honetan geldirik dago kontua. Arau Subsidiarioen laugarren aldaketan zegoen jasota. Eusko Jaurlaritzak ezezkoa eman zion guk egindako proposamenari, eta geldirik dago. Datorren agintaldiko erronketako bat izango da horri aurre egitea. Eutsi egin beharko diogu, lur ez urbanizagarrien barruan dago-eta eremu hori. Hori zati bat besterik ez da, baina arauen plan orokorrerako egokitzapena martxan jartzekoak gara, eta aurrera irtengo du lehenago edo beranduago. Aho batez erabakitzen badugu, askoz hobeto. Garbi dugu aurkeztu zen proiektua Azkoitiaren beharretatik kanpo zegoela. Ez dakit nolako guneak izan beharko duen. Ikusiko da.
Egoitzaren gaia hasieratik hartu genuen; aldundiarekin eskutik joan gara. Iazko uztailean sinatu genuen protokolo hark erakutsi zuen aurrez ere lana eginda zegoela. Gainera, ez nuen uste protokolo hartan jasotako gauzak horren azkar gauzatuta ikusterik. Eguneko zentroa herrigunera jaitsi ahal izateko, lokal bat erostera konprometitu ginen, eta gero, lokal hori aldundiak egokituko du. Aldundiak eguneko zentroa erosteko laguntza emango zigula adierazi zuen. Lokala erosi zuen udalak eta dirulaguntza ere onartuta dago, eta hitzarmena sinatzear. Era berean, psikogeriatria unitatean obra egitera konprometitu zen aldundia; obra egiteko baimena eskatuta dago. Gaur esan dezakegu, lan horiek eginda daudela. Halaber, gure konpromisoa zen egoitzarako igogailu bat jartzea. Proiektua eginda dago, eta orain, esleipenaren zain gaude, dirua jarrita baitago. Etxebizitza tutelatuak herrigunera jaistea ere gure nahia da, baina hori aurrera begirako lanketa izango da. Eguneko zentroa eta etxebizitza tutelatuak kalera jaitsita, libre gelditzen den espazioa zaintza eredu berrira egokitzeko asmoa du aldundiak. 2015ean hartu zen egoitza Kabiaren barruan sartzeko erabakia; lege bat atera zelako hartu zen erabaki hori, egoitzen kudeaketa ez baita udalen eskumena. Kabian dago eta guri tokatzen zaiguna da elkarlanean egoiliarrak han ahalik eta ondoen egotea. Lan handia egin da egoitzan.
Oletako Buruzai eolikoen proiektua, berriz, kontu berri samarra da, hasieretan dago. Haizearen neurketak egiteko anemometro bat jartzeko baimena dago oraingoz eskatuta. Bestelako tramite guztiak Eusko Jaurlaritzan ari dira egiten. Ez dakigu nolakoa izango den bukaerako proiektua. Azkoitiko lurretan hiru puntu ziren hasieran, orain bi… Garbi duguna da ingurumeneko betebehar eta legedi guztiak bete beharko dituela proiektuak. Ez dakigu gauzatuko den, baina gauzatzen bada herriak onura lortu behar du. Herritarrentzako intereseko proiektuak izan behar du horrek, eta herritarrek onura bat atera behar dute. Ezin du izan hona etorri, haize errotak jarri eta indarra beste nonbaitera botatzea. Oraindik, baina, proiektua ez da behin betikoa. Gauza batzuetan bukaera ikusi arte asko hitz egin behar da. Hasieratik gardena izatea izan daiteke gardentasun ariketa bat, baina izan daiteke nahasmenerako kontua ere. Poliki-poliki hartu behar den gaia da, energia dependentzia handia dugu eta. Energia berriztagarrien alde guztiok gaude. Prest gaude beste lekuetako energia berriztagarriek sortzen dutena hartzeko, baina, gero, geuri tokatzen zaigunean inork ez du nahi inguruan horrelako ezer. Gai oso korapilatsua da.
Zeintzuk dira alderdi jeltzaleak Azkoitirako dituen proiektu nagusiak?
Herria txukun mantentzea eta irisgarritasuna dira gure proiektu nagusiak, hala nola San Martin eta Floreaga auzoetakoak. Bestalde, legediaren aldetik Arau Subsidiarioak aldatzeko beharra du udalak, batetik, baserri mundurako, eta bestetik, Alde Zaharrerako. Ditugun legeak eta arauak aspaldikoak dira, eta horiek berrikuspen bat behar dute herritarrei erraztasunak emateko.
Plazaberri geldirik dagoen proiektua da, baina eskaera handia du. Bere izaera galdu gabe, baina irisgarritasunaren aldetik landu behar da. Diru askoko proiektua da eta hura nola berritu ere sortuko da nolabaiteko eztabaida herrian. Horrekin batera, igerilekuaren handitzea dugu eskuartean; diru askoko proiektua da hori ere. Proiektua eginda dago, baina azken bi urteetako prezioen gorakadarekin, zaharkituta egongo da, eta eguneratu egin beharko da. Prezioak gora egingo du, eta horri finantziazioa bilatu beharko zaio. Zenbait obra handi egiteak hurrengo urteak hipotekatu egiten ditu, gastu bat izango dira-eta mantenua, pertsonala eta kudeaketa. Horrek hurrengo urteko aurrekontuetan gastuaren partida igotzea dakar. Udaletxe askori ari zaigu gertatzen, azken urteetan zerbitzuak sortzen ari garela herritarren onerako, eta inbertsioetarako aurrekontuen zatia murrizten ari zaigula; oreka aurkitu behar da. Espaloiak berritzen, kaleak asfaltatzen, landa eremuetako bideak berritzen jarraitu nahi dugu. Eskaera asko daude, baina denera ezin gara iritsi, aurrekontua mugatua baita. Horretarako erabakiak hartu behar dira, eta aukeratu egin behar da onura gehien non eragin daitekeen.
Euskarari, berdintasunari eta inklusioari ere eutsi egin behar diegu. Esango nuke ez dugula proiektu izar bat datorren agintaldirako. Energia trantsizioari bide eman beharko diogu; eta horren barruan ez daude eolikoak bakarrik, eguzki plakak udal eraikinetan jartzea edota energia komunitate sortzea ere aztertzen ari gara. Gai asko daude eta guztiei heldu behar zaie.
Azkoitiko EAJren zerrenda esperientzia, konpromisoa eta energia berriak batzen dituen zerrenda dela nabarmendu duzue. Aurreko agintaldiarekin alderatuta, sei dira zerrendara batu diren kide berriak. Zer nolako taldea osatu duzue?
Ez da erraza izaten zerrenda egitea. Hirugarren aldiz egokitu zaigu zerrenda egitea, eta oraingo honetan, zerrendaburu bezala, gehiago erasan dit zerrenda osatzeko ardurak. Garrantzitsua da zerrenda zein lagunek osatzen duten ikustea, baina zerrenda osatzeko orduan garrantzia zerrendaren hasierari ematen zaio, zinegotzi izateko aukera hasieretakoek dutelako. Garbi nuen lehen geundenekin kontatu behar nuela, horiek hala nahi bazuten behintzat. Batzuk esango dute aire berriak behar dituela zerrendak, baina, beste batzuek, kide zehatz batzuk segitzea nahi izaten dute. Sei aurpegi berri batu dira zerrendara, eta ateratzen ditugun zinegotzi kopuruaren arabera, energia berria edukiko dugu. Badakit aurpegi berriak nahi izaten dituela jendeak, baina zerrendan daudenek funtzionatu egin dute, eta horiekin beti kontatu behar da. Gainera, talde bat izan gara, harreman ona eduki dugu, eta beharrezkoa da hori. Lanera joatean eroso sentitu behar da udaletxeko langileekin, baita taldeko kideekin ere.
Zer balorazio egiten duzu azken agintaldiaz?
Oso positiboa egiten dut, bestela ez nuen pauso hau emango. Gainera, gaur egun alboan ditudanek babestuta noa aurrera eta horiek nirekin jarraitu nahi izatea egundokoa da niretzat. Balorazioa positiboa da, batik bat, Nagusia 80 desblokeatzea lortu dugulako. Azken bi agintaldietan buruhauste asko sortu eta lan ordu asko kendu dizkigu eraikin horrek. Lehen agintaldian ezer ez egin eta eliz atariko aldamioa kendu izan bagenu, onak izango ginatekeen, baina nahiz eta lan asko egin, ez genuen lortu. Eraikin horrek bezala, beste gauza askok.
Herritarrei erantzutea edota obrak aurrera eramatea kostatu egiten da. Adibidez, orain dela gutxi asfaltatu dituzte herriko zenbait kale, baina horiek orain asfaltatzeko, duela zortzi hilabete hasi ginen hori egitea pentsatzen. Udalean ez dagoen herritarrak pentsatuko du, ordea, une horretako kontua dela. Floreagako bigarren igogailua ere berandu hasi dela esan izan digute. Ez dago gure, baina, lanak lizitatu ondoren hutsik gelditzea. Hutsik gelditzeak sei hilabeteko atzerapena ekarri du. Horregatik, udalaren eta gure lana da herritarrei esatea nolakoa den udalaren kudeaketa. Lan asko dago hor egiteko.
Zergatik bozkatu behar du herritarrak EAJren zerrenda?
Esperientzia eta eskarmentua ditugu. Bidean dauden proiektu askori jarraipena emateko aukera eskaintzen dugu. Erakutsi dugu, era berean, jendea entzuten dakigula eta gauzak aurrera eramateko gai garela. Kudeaketan eskarmentua dugu; izan ere, azken bi agintaldietan hamarkada batez geldirik egon diren eremuak desblokeatzea lortu dugu. Horregatik guztiagatik, merezi dugu herritarren konfiantza izaten jarraitzea.
Nola ikusten dituzu datozen udal hauteskundeak?
Gu egunak kontatzen ari gara, baina herritarra ez dago hauteskundeetara begira jarrita. Jendea bozkatzera animatu nahi dut, eta gure zerrenda bozkatuz gero nahiago, noski; hori guztiok esango dugu. Badakit politika eta politikariak ez daudela modan, gaizki ikusita gaudela, baina herria aurrera eramateko beharrezkoak gara. Lehen agintaldia gehiengo osoarekin egin genuen; bigarrena, berriz, zortzi zinegotzirekin, gehiengotik oso hurbil. Zortzi edo bederatzi zinegotzi lortzetik gertu ibiltzeko esperantza pizten dit horrek. Nire kinieletan sartzen dira zortzi zinegotzi lortzea, ez zait-eta iruditzen horren gaizki egin dugunik; ez dakit bederatzi nahiago ote ditudan gehiengoa lortzeko. Elkarlana eta beste alderdiekin hitz egitearen nahiz akordioak lortzearen aldekoa naiz. Zortzi zinegotzi lortzen baditugu, gobernatzeko probabilitate handia izango dugu orain bezala. Hortik aurrera, ikusiko dugu.