Udal eta foru hauteskundeak 2023

Arrosak herritarrei banatzen aritu dira PSE-EEko hautagaiak

Andoni Elduaien

PSE-EEko hautagaiak, Igoa erdian, arrosa banatzen. (Azkotiko PSE-EE)

Hauteskunde kanpainaren barruko ekintza egin zuen atzo, ostirala, alderdi sozialistak. Janire Igoa PSE-EEren Azkoitiko alkategaia buru, Gipuzkoako zenbait alderdikidek eta hautagaik parte hartu zuten arrosa banaketan. Gaur, larunbata, EAJko eta EH Bilduko hautagaiak izango dira kalean.

Atzo, ostirala, Azkoitiko PSE-EEko ordezkariak herriko kaleetan ibili ziren herritarrei arrosak banatzen eta programari buruzko azalpenak ematen. Hauteskunde kanpainako ekitaldia izan zen sozialistena, eta Janire Igoa alkategaia buru, PSE-EEren Gipuzkoako zenbait hautagaik parte hartu zuten.

Azkoitian izan ziren, besteak beste, Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkate ohia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Donostialdeko barrutiko hautagaia; Arritxu Marañon batzarkide ohia eta Zumaiako hautagaia; Guillermo Etxenike Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordea; Maria Jesus Egido Berrobiko hautagaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaia; eta Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua nahiz Batzar Nagusietarako Bidasoa-Oiartzun barrutiko zerrendaburua.

Alderdi sozialistako hautagaiak, Plazaberrin. (Azkoitiko PSE-EE)

Gainerako alderdiak ere, kalean

Bestalde, EAJko eta EH Bilduko hautagaiak ere kalean izango dira gaur. Koalizio subiranistako zerrendakideak Kale Nagusian zehar ibiliko dira, 10:00etatik aurrera, programa banatzen eta herritarren kezkak nahiz zalantzak argitzen. Aldiz, alderdi jeltzaleko hautagaiak eliz atarian egongo dira, 12:00etatik 13:30era bitartean. Azkoitia Bai Elkarrekineko hautagaiak ere kalean izan dira eta Azoka Plazako produktuak zozkatu dituzte herritarren artean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide