Azkoitiko Ugarte industrialdean dagoen Montajes Olaizola enpresan 62 urteko langile batek lan istripua izan zuen joan den ostegunean, hiru metroko altueratik erorita; langilea larunbatean zendu zen istripuan izandako zaurien ondorioz. ELA sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur Montajes Olaizola enpresaren parean, lan heriotza salatzeko.
ELAk protestan nabarmendu du, aurten dagoeneko, hemezortzi langile hil direla Hego Euskal Herrian, eta horietatik seitik bat altueratik erorita zendu dela. "Datu horrek erakusten ditu altueran egiten diren lanen arriskuen nondik norakoak eta prebentzioaren berebiziko garrantzia", adierazi du ELA sindikatuak.
Montajes Olaizola enpresan hildako langilearekin hemezortzi behargin dira aurten Hego Euskal Herrian hildakoak, eta ELAk gogorazi du "zenbaki horiek onartezinak" direla. Enpresek legez segurtasun neurri guztiak bermatu behar dituztela eta erakundeek berme guztiak betetzen ari direla ziurtatu behar dutela nabarmendu du. Horri lotuta, ikuskaritzan dauden gabeziak salatu ditu sindikatuak, eta "ikuskatzaile gehiagoren premia berebizikoa" dela nabarmendu du sindikatuak Azkoitiko Ugarte industrialdean egindako protestan.
Astelehenerako, hilaren 22rako, beste elkarretaratze bat deitu dute Azkoitiko Montajes Olaizola enpresaren aurrean. LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek egin dute asteleheneko protestarako deia. 11:00etan izango da .