Azkoitiko Elikagai Bankuko kideek janari bilketa handia egin zuten herriko zenbait supermerkatutan, joan den astean. Guztira, 2.200 kilo janari eta 2.600 euro inguru bildu zituzten Eroski eta BM supermerkatuetan.
Herriko Elikagai Bankuko kideek beraien esker ona adierazi diete kanpainan parte hartu duten herritarrei. Era berean, kanpainan lagundu duten boluntarioek egindako lana eskertu dute. Guztira, 30 bat boluntarioek parte hartu dute kanpainan.
Janari bilketarekin batera, dohaintzak egin ahal izan dituzte azkoitiarrek. Hain justu, Elikagai Bankuko kideek nabarmendu dute oraindik irekita jarraitzen duela dohaintza egiteko aukerak; izan ere, azpimarratu dute ekarpen gehiago behar direla. Hori horrela, laguntza eman nahi dutenek Elikagai Bankuarekin jarri beharko dute harremanetan.