Azkoitian maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztu dituzten bost zerrendetako hiru alkategaik parte hartu zuten Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) antolatuta atzo arratsaldean Elkarguneko Herriko Plaza aretoan egin zuten mahai inguruan: Ana Azkoitia EAJren alkategaiak, Asier Altuna EH Bilduren alkategaiak eta Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bai Elkarrekinen alkategaiak.
Imanol Elezgarai kazetari azkoitiarrak gidatu zuen saioa eta bost bloketan banatu zuen hark saioa: ekonomia eta azpiegiturak, gizartea eta politika orokorrak, kultura eta kirola, ingurumena, eta maiatzaren 28ko udal hauteskundeei eskainitako azken gaia. Bloke bakoitzaren hasieran hautagai bakoitzak arlo horretarako dituen proposamenak edota kezka azaltzeko aukera izan zuen. Dena den, Elezgaraik bloke bakoitzera zuzendutako galderak ere egin zizkien alkategai eztabaidarako. Hiru kideek hitz egiteko txandak une oro zainduta eta elkar zapaldu gabe errespetatu zituzten.
Bost blokeak aztertuta, Elkargunera bertaratu ziren herritarrek alkategaiei galdera zuzenak egiteko aukera izan zuten; hiru lagunek hartu zuten hitza. Herritar batek egoitza herrira jaisteari buruz galdetu zien hiru alkategaiei eta beste bi lagunek Oletako Buruzai proiektuaz zein energiaren trantsizioaz. Mahai inguruaren amaieran, alkategai bakoitzak herritarrek beraien zerrenda zergatik bozkatu behar duten argudiatzeko aukera izan zuten.