Bihar amaituko da II. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketara lanak aurkezteko epea

Andoni Elduaien 2023ko mai. 16a, 10:45

Parte hartu nahi duten gazteek gutxienez sei bertso idatzi beharko dituzte, eta helduek, zortzi. Epaimahaiaren erabakia maiatzaren 29an, astelehenez, jakinaraziko dute. Sari banaketa ekitaldia, berriz, ekainaren 22an egingo dute, Elkargunean.

Bihar, asteazkena, itxiko da udalak Hike eizan! taldearekin elkarlanean antolatutako II. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Iaz bezala, sariak hiru kategoriatan banatuko dituzte: gazteen kategoria edo 18 urte artekoa, helduen kategoria edo 18 urtetik gorakoa, eta Azkoitia saria. Bertso sorta onena idatzi duen herritarrak jasoko du azken sari hori, gazteen zein helduen arloan.

Parte hartu nahi duten gazteek gutxienez sei bertso idatzi beharko dituzte, eta helduek, zortzi. Epaimahaia Hike eizan! lantaldeko eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bina kidek osatuko dute. Epaimahaiaren erabakia maiatzaren 29an, astelehenez, jakinaraziko dute. Lehiaketaren oinarriak udalaren atarian kontsulta daitezke. Zalantza argitzeko, berriz, euskara@azkoitia.eus helbidera idatzi daiteke edo 943-85 71 75 telefonora deitu.

Ekitaldia, ekainaren 22an

Sari banaketa ekitaldia eta bertso saioa II. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa ekitaldia ekainaren 22an, ostegunez, egingo dute Elkargunean (19:00). Egun horretan bertan egingo dute III. Hike eizan! Bertso Saioa ere. Aurten, oholtzan izango dira bertsotan Andoni Egaña, Eli Pagola iazko bertsopaper lehiaketako sariduna, Jesus Mari Irazu eta Nerea Elustondo.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide