Azkoitiak garaipenarekin hasi du Herriarteko Txapelketa

Ane Olaizola 2023ko mai. 13a, 10:54

Oteiza pilota elkarteko jokalariek, atzo, ostirala, hasi zuten Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta garaipen banarekin hasi zuten lehia eskuzko pilotariek zein palistek. Eskuzko taldea Adunan aritu zen jokoan, eta aise gailendu ziren azkoitiarrak: 0-3. Gomazko paletan, Azkoitiko jokalariek Deban jokatu zuten, eta 1-2 irabazi zuten horiek. 

Oteiza pilota elkarteko jokalariek, atzo, ostirala, ekin zioten Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari, eta garaipen banarekin hasi zuten lehia eskuzko pilotariek zein palistek.

Bata zein beste final zortzirenetan hasi ziren atzo lehian. Eskuzko taldea Adunan aritu zen jokoan, eta aise gailendu ziren azkoitiarrak: 0-3, hain zuzen ere. Kadetetan, Jon Arregi eta Denis Galarza 3-22 nagusitu ziren; jubeniletan, Jon Etxanizek eta Inhar Egañak 12-22 irabazi zuten; eta azkenik, Mikel Aranbarrik eta Jon Juaristik 17-22 amaitu zuten nagusien partida. 

Gomazko paletari dagokionez, berriz, Azkoitiko jokalariek Deban jokatu zuten Herriartekoaren aurreneko jardunaldia, eta 1-2 irabazi zuten azkoitiarrek. Kantxa osoan buruz buru, 10-20 irabazi zuen Oier Beitiak; binakakoan, berriz, Aitor Juaristi eta Oier Epelde aritu ziren, eta 20-10 galdu zuten horiek; Iker Epelde, berriz, zazpi koadroren barruan aritu zen, eta hark 7-20 irabazi zuen partida. 

Hurrengo asteburuan, final zortzireneko itzuleko partidak jokatuko dituzte eskuzko pilotariek zein palistek, etxean.

(Argazkiak: Julen Galarza) 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide