Elkarguneko bazkideek beste herrietako kirol instalazioak erabili ahal izango dituzte aurrerantzean

Andoni Elduaien 2023ko mai. 12a, 11:54

Elkarguneko gimnasioko irudia. (Artxiboa)

Azkoitia KirolTxartela Mugiment proiektura atxiki da, eta beraz, kiroldegiko bazkideek 155 kirol instalazio erabili ahalko dituzte, kiroldegiak, frontoiak eta igerilekuak barne, udalerri bakoitzak ezarritako erabilgarritasunaren arabera.

Elkarguneko bazkideek beste zenbait herritako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute aurrerantzean; izan ere, "kirola sustatzeko eta kirola egiteko erraztasunak emateko", Eusko Jaurlaritzak, aldundiak eta hainbat udalek bultzatutako KirolTxartela Mugiment proiektura batu da Azkoitia. Hori horrela, egitasmo horren barruan dauden herrietako kirol instalazioak erabili ahal izango dituzte Elkarguneko bazkideek. 

Egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 89 udalerrik parte hartzen dute KirolTxartela Mugiment egitasmoan, eta guztira, 155 instalazio daude erabilgarri. Udalak azaldu duenez, udal bakoitzak ezartzen ditu KirolTxartela Mugiment egitasmoaren barruan erabili daitezkeen jarduerak eta ordutegiak. Elkargunearen kasuan, kanpoko herrietako erabiltzaileek gimnasioa, padel nahiz squash pistak eta rokodromoa izango dituzte erabilgarri, ordutegi jakin baten barruan.

Txartela, birtuala

KirolTxartela Mugiment egitasmoko txartela birtuala da, eta beraz, erabiltzaileek aplikazioa instalatu beharko dute mugikorrean. Behin aplikazioa deskargatuta, datu pertsonalak zehaztu neta erregistroa egin beharko du bakoitzak. Balioztapena eman beharko dute erabiltzaileek, eta horretarako, jakinarazpena jasoko dute.

Beste herrietako kirol instalazioetan sartzean, Elkarguneko bazkideek txartel digitala eta NA erakutsi beharko dituzte. Dena den, txartela eta NAa erakustearekin nahikoa izango da mugikorrik izan ezean. Udalak azaldu du txartela "nahi adina" erabil daitekeela, "ez baitu mugarik".

Funtzionamenduaren, egitasmora atxikitutako udalerrien, aktibitateen edota ordutegien inguruko informazio guztia eskuragarri dago KirolTxartela Mugiment egitasmoaren atarian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide