Udal eta foru hauteskundeak 2023

Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaz hitz egin du hango alkateak Bilgunean

Ane Olaizola 2023ko mai. 12a, 10:11

Asier Altuna Azkoitiko EH Bilduren zerrendaburuaren esanetan, "beharrezkoa" da Azkoitiko Arau Subsidiarioak eguneratzea, eta horretarako, Usurbilgo esperientziaren berri izan dute Bilgunean elkartutako hainbat lagunek. Bestalde, koalizioak jakinarazi du hurrengo ostegunean egingo duela hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia.

Azkoitiko EH Bilduk hirigintzari egin zion so atzo, ostegunez, maiatzaren 28ko udal hauteskundeen kanpainaren atarian. Koalizioak Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo (Gipuzkoa) alkatea gonbidatu zuen Bilgunean egin zuten solasaldira, eta hark udalerri horretan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) aurkeztu zuen hainbat lagunen aurrean.

Asier Altuna Azkoitiko EH Bilduren zerrendaburuak aurkeztu zuen saioa, eta hark azaldu zuen Azkoitiaren "hiri eredua agortuta" dagoela, eta beharrezkotzat jo zuen Azkoitiko Arau Subsidiarioak eguneratzea. Usurbilen, azken bi agintalditan hiri antolaketa berria onartzeko prozesua gauzatu dutela-eta, hango esperientzia azaldu zuen hura gidatu duen alkateak. Solabarrietaren esanetan, HAPO "tresna eraginkorra" da "herriaren etorkizuneko norabidea" zehazteko. "Herri proiektua definitzen du; nora joan nahi dugun zehazten du".

Usurbilen joan den urrian onartu zuten Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, eta herritarrentzat "mugarria" izan zela azpimarratu zuen hark, udalerriaren lurzoruak zer erabilera izango duen arautzen duela-eta, herriaren "etorkizuna" zehazten duelako. Zortzi urteko prozesuaren ondotik berritu zuten hura, baina alkatearen esanetan, "bide luzea" dute oraindik aurretik. Haren arabera, ordura arte "nagusitzen" zen hirigintza eredua "zalantzan" jarri zuten prozesua hasi zutenean: "Eko-feminismoan eta herritarren zaintzan oinarritutako plan orokorra sortzea izan da asmoa, eta prozesuaren aurrerakinean zehaztutako irizpideak izan ditugu oinarri". Solabarrietaren esanetan, "herritarrak, hirigintza jasangarria, genero inpaktua eta euskararen eragina" barne hartuta gauzatu dute araudi berria.

Ekitaldi nagusia, ostegunean

Bestalde, Azkoitiko EH Bilduk jakinarazi du datorren ostegunean, hilaren 18an, egingo duela hauteskunde kanpainaren barruko ekitaldi nagusia. 19:00etan hasiko da saioa, herriko plazan, baina eguraldi txarra eginez gero, Elkargunean egingo dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide