Bihar, ostirala, eta etzi, larunbata, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak elikagaiak bilduko ditu Eroskiren bi supermerkatuetan eta BMn. 09:00etatik 21:00etara egongo dira Azkoitiko Elikagai Bankuko kideak herritarren ekarpenak jasotzen. Duela urte batzuk, elikagai bilketa handia urtean behin egiten zuten, azaroan, baina beharra areagotzen doala eta, orain birritan egiten dute urtean bilketa: udaberrian eta neguan.
Herritarrek elikagaiak emateko aukera izango dute batetik, baina, bestetik, dohaintzen eredua ere aktibatuko dute datozen bi egunetan. Hori horrela, herritarrek bonu bidezko dohaintza egin ahal izango dute, zuzenean elikagaiak eman beharrean. Modu horretan, biltegian falta diren elikagaiak erosteko baliatuko dituzte bonuak Elikagai Bankuko arduradunek. Dena den, Elikagai Bankuko boluntarioak supermerkatuen sarreran egongo dira datozen bi egunetan herritarrei beharrezko informazio guztia helarazten.