Hortxe hortxe ibili arren, atzo jokatuko partidan ez zuten lortu Juaristi ISBko mutilek Urrezko LEB Ligari eusten segitzeko beharrezkoa duten urratsa egitea.
Ligako azken hirugarrengo jardunaldia jokatu zuten atzo iluntzean (21:00etan hasita) Ourenseren kontra Azpeitiko kiroldegian. Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldeak huts egin zuen, 76-80 galduta (15-17/16-19/21-22/24-22). Odriozolak berak azaldu duenez, partidan sartzea kostatu egin zitzaion Juaristi ISBri eta horrelako neurketa batean "egin ezin diren akatsak" egin zituzten. Hala ere, jokalariak borrokatzen ari direla azpimarratu du Odriozolak.
Hiru taldek galduko dute Urrezko LEB maila, eta sailkapenean azken hirugarren postuan dago Juaristi ISB. Denboraldia bukatzeko falta zaizkion bi jardunaldietan, bai ala bai, dena eman beharko du ligari eusteko. Kanpoan eta etxean jokatuko ditu hurrengo bi partidak: maiatzaren 12an (21:00), Lleidaren kontra etxetik kanpo, eta maiatzaren 19an (21:00), Estudiantesen aurka Azpeitiko kiroldegian.