Bihar, osteguna, Chit Chat Bar Hop egitasmoaren azken saioa egingo dute; pintxo potea ingelesez egiteko azken juntadizoa, alegia. Ingelesezko ahozko komunikaziorako trebetasunak hobetu nahi dituzten pertsonak elkartzea eta hizkuntza hori praktikatzea da egitasmoaren asmoa, eta antolatzaileek gogoratu dute saioak irekiak zein doakoak izango direla.
Bihar, beraz, ingelesa praktikatu nahi duen orok parte hartu ahal izango du pintxo potean. Parte hartzeko, 19:30erako Hizkuntza Eskola —Gaztanenea jauregia— kanpoaldera agertzea nahikoa izango dute herritarrek; han elkartuko dira partaideak. Zumaiako bizilagun Leonard Paul Bux irlandarrak zuzenduko du biharko azken saioa.