Eñaut Elorrietak 'Fantasia' diskoa aurkeztuko du larunbatean, Baztartxo antzokian

Ane Olaizola 2023ko mai. 3a, 09:49

Hamar abestik osatzen dute musikariaren bakarkako azken lana, eta hango kantuak ez ezik, bere ibilbideko beste hainbat ere taularatuko ditu gernikarrak. Sarrerak Internetez eskura daitezke.

Eñaut Elorrieta musikariak kontzertua eskainiko du datorren larunbatean, hilaren 6an, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Fantasia biraren barruan eskainiko du gernikarrak Azkoitiko zuzenekoa, izen bereko bere bakarkako azken lana aurkezteko asmoz. 19:00etan hasiko da emanaldia.

Hamar abestiz osatutako diskoa da Fantasia, eta Aitor Etxeberriak ekoitzi du. Donostiako Elkar estudioan eta Bilboko Mala Estrata estudioan grabatu dute diskoa, eta Jonan Ordorikak masterizatu du. Abestia guztiak Elorrietak berak konposatu ditu, baina zenbait abestiren hitzak Amaia Lasa, Jose Luis Otamendi, Uxue Alberdi, Iñigo Astiz eta Itziar Ugartek sortu dituzte. Era berean, Felix Buff, Amorante, Fernando Neira eta Xabi Zeberio musikariek kolaboratu dute azken diskoan.

Fantasia diskoa osatzen duten abestiez gain, bere ibilbideko beste hainbat kantu ere taularatuko ditu Elorrietak Azkoitian, eta horretarako, kontzertuetako ohiko musikariak izango ditu lagun: Ander Zulaika, Ruben Caballero, Fernando Neira eta Txus Aranburu.

Kontzerturako sarrerak hemen eskura daitezke, 15 eurotan.

 

 

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide