Floreagako bizilagunak auzoko festetaz gozatzen dabiltza atzotik. Gaur goizean auzoko bereizgarri den bolo txapelketa izan da Floreagako bolatokian. Bi txapelketa egin dituzte, aurrena umeena eta ondoren helduena. Haurren txapelketa 11:30ean hasi da, eta orotara hamabost umek parte hartu dute. Helduen sariketa, aldiz, 12:30ean hasi da. Lehenik emakumeen egin dituzte jaurtialdiak –guztira hamar emakumek eman dute izena–, eta ondoren gizonezkoen txanda izan da. Hamahiru gizonezko aritu dira lehian. Txapelketak izanagatik, giro jatorrean egin dituzte tiraldiak, eta umorez gozatu dute auzoan tradizio den kirolaz.
Arratsaldean, 17:00etan hasita, eskoba txapelketa egingo dute tabernan. Bikote bakoitzak 20 euroan izango du izen-ematea, eta irabazleek trofeoa eta bildutako diruaren %40a jasoko du; bigarrenak, trofeoa eta bildutakoaren %30a; hirugarrenak, bi xanpain botila eta bildutakoaren %20a; eta laugarrenak bi xanpain botila eta bildutakoaren %10a. Gauean, berriz, afariak, erromeriak eta DJ saioak borobilduko du eguna.