Gaur argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean datorren maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetara alderdiek, koalizioek eta herri plataformek aurkeztu dituzten hautagai zerrendak. 2019ko bozetan bezala, Azkoitian bost hautagai zerrenda dira oraingoan ere.
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, Azkoitia Bai Elkarrekin herri plataformak eta PPk aurkeztu dituzte hautagai zerrendak Azkoitirako. 2019ko udal hauteskundeetarako aurkeztu ziren bost hautagai zerrendak aurkeztuko dira maiatzaren 28an egingo diren hauteskundeetarako.
EAJk Ana Azkoitia aurkeztu du alkategai eta hautagai zerrenda martxoaren 31n aurkeztu zuen. Gaur egun, EAJk du alkatetza, eta Azkoitia alkategaia alkateordea da. Azken udal bozetan botoen %46,07 (2.717 boto) jaso zuen alderdi jeltzaleak. EAJk zortzi zinegotzi eskuratu zituen, eta Javier Zubizarretak bere bigarren agintaldia hasi zuen.
EH Bilduk, berriz, Asier Altuna aurkeztu du alkategai, eta koalizioak apirilaren 21ean aurkeztu zuen hautagai zerrenda. 2019an, Ainara Goenaga aurkeztu zuen alkatetzarako EH Bilduk, eta botoen %37,20 eskuratu zituen; 2.194 boto. Guztira, koalizioak zazpi zinegotzi lortu zituen orduan.
PSE-EEk Janire Igoa aurkeztu du alkategai, azken udal hauteskundeetarako bezala. Alderdi sozialistako hautagaiak martxoaren 7an egin zuen aurkezpen ekitaldia Intsausti jauregian, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako ahaldungai nagusiarekin batera. 2019an egin ziren hauteskundeetan, botoen %7,88 jaso zuen, eta zinegotzi karguan sartu zen Igoa, guztira, 465 boto bilduz.
Azken udal hauteskundeetan bezala, Azkoitia Bai Elkarrekin herri plataformak Jose Joakin Etxaniz aurkeztu du alkategai. Herri plataformak joan den larunbatean aurkeztu zuen hautes zerrenda. 2019ko udal hauteskundeetan zinegotzi kargua hartu zuen Etxanizek, botoen %6,26 jasota; guztira, 369 boto eskuratu zituen Azkoitia Bai-k.
PPk, berriz, Fernando Aguilar-Galindo aurkeztu du zerrendaburu Azkoitirako. 2019ko udal hauteskundeetarako Jose Antonio Bermudez aurkeztu zuen alkategai, eta orduan, 105 boto jaso zituen haren zerrendak (botoen %1,78).
- Honako lotura honetan ikus daitezke 2019ko hauteskundeetako emaitzak.