Euskadiko batel txapelketa jokatu da asteburu honetan Sestaon (Bizkaia), eta Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko infantilek Euskadiko txapela lortu dute. Txapelaren zati bat Azkoitira ere iritsi da, Garazi Zubizarreta patroiak eta Ibai Errasti arraunlariak Sestaoko lehian parte hartu baitzuten.
Finalean denbora onena egin zuen Zumaiako taldeak, Deusto, Itsasoko ama eta Isuntza taldeen aurretik. Hain justu, 04:44,90eko denbora markatu zuten zumaiarrek, eta segundo bat eta 46 ehuneneko beranduago sartu zen Deusto taldea. Datorren asteburuan, Espainiako batel txapelketa jokatuko dute; larunbatean sailkapen estropada jokatuko dute, eta sailkatuz gero, igandean banderagatik egingo dute borroka.