Berria Txapelketaren final zortzirenetara sailkatu da Oteiza elkartea

Andoni Elduaien 2023ko api. 24a, 10:35

Oteiza elkarteko pilotariak eta ordezkariak, atzo, Gurean. (Oteiza elkartea)

Naiarako (Errioxa) Najerino elkartearen aurkako kanporaketa gainditu dute herriko pilotariek, gazteen eta nagusien mailetako partidak irabazita. Final zortzirenetan, Andoaingo (Gipuzkoa) Gazteleku elkartea izango dute arerio azkoitiarrek.

Oteiza pilota elkartea Berria Txapelketaren final zortzirenetan da. Atzo, igandea, 2 eta 1 irabazi zuten pilotari azkoitiarrek Naiarako (Errioxa) Najerino pilota elkartekoen aurka. Gazteen eta nagusien mailan nagusitu ziren herriko pilotariak, eta horrenbestez, final zortzirenetara sailkatzea lortu dute.

Kadeteen mailan, Arregik eta Galarzak 6 eta 22 galdu zuten Najerino elkarteko La Calle eta Del Rey II.aren aurka. Gazteen mailan, ordea, bestelakoa izan zen partida. Etxanizek eta Egañak 22 eta 5 menderatu baitzituzten Lopez eta Oscar. Nagusien mailako partida, berriz, oso estua izan zen, eta markagailua da horren erakusle: Oteizak eta Azkoitiak 22 eta 21 irabazi zuten Garcia-Garcia bikotearen aurka.

Herriartekoaren moduan, kadete, gazte eta nagusien mailako partidak jokatzen dira Berria Txapelketan ere. Txapelketaren sistema ez da Herriarteko Txapelketaren berdina, ordea. Berria egunkariak antolatzen duen txapelketan bi partida irabazten dituen elkarteak aukera gehiago ditu kanporaketa gainditzeko. Dena den, elkarte batek hiru lehietatik bi irabazten baditu ere, hiru partidetan tanto gehien egindako taldea sailkatzen da, nahiz eta tanto gehien egin dituen taldeak hiru partidetatik bakarra irabazi. Bi taldeen tanto kopurua berdina bada, berriz, bi partida irabazten dituen taldeak egin ohi du aurrera.

Oteiza elkarteko pilotariek Andoaingo (Gipuzkoa) Gazteleku elkartea izango dute arerio final zortzirenetan. Maiatzaren hirugarren asteburuan jokatuko dituzte partida horiek; hain justu, Gipuzkoako Herriartekoaren final zortzirenetako itzulerakoa jokatuko duten asteburu berean.

Bestalde, Oteiza elkarteak azaldu du atzo frontoian zozkatu zuten otarrearen jaberik ez zela agertu saria jasotzera. 7.301 zenbakiak irabazi zuen saskia. Elkarteko arduradunek adierazi dute zenbaki jabeak elkartearekin jarri beharko duela harremanetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide