Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) bere bigarren urteurrena ospatu du asteburuan. Ostiralean, Kontzejupean hasi zituzten ekintzak Erresistentzia Jaialdiarekin. Hain justu, Sentenciados eta Istilu musika taldeek kontzertu bana eskaini zuten udaletxearen azpiko pilotalekuan.
Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak duen erresistentzia kutxa hornitzeko antolatu du gazte asanbladak jaialdia. "Borroka prozesu desberdinetan sortzen diren gastuei aurre egiteko mekanismoa da erresistentzia kutxa, hala nola identifikazioak, isunak, espazio itxierak eta husteak ordaintzeko", azaldu dute.
Atzo, urteurren festa
Bestalde, AGAk triki-poteoarekin hasi zituen atzo bigarren urteurreneko ekitaldiak Goiko Losa pilotalekuan. Bazkaria ere egin zuten dozenaka lagunek frontoian bertan, eta bazkalostean, Gaztetxea eskuratzeko prozesuaz hitz egin zuten. Hain justu, orain arte egindako bideaz eta aurrera begira dituzten asmoez aritu ziren. Musikariek ere izan zuten protagonismoa atzo. Batetik, Albi musika jartzailea aritu zen Goiko Losa girotzen, eta bestetik, Checkboyz Azkoitiko rap taldea.
Argazkiak: Azkoitiko Gazte Asanblada