Bat-batean jasotako telefono deia. Edo Whatsapp mezua. Edo begirada hori. Isilunea. Ezin duzu sinetsi, ez duzu sinetsi nahi. Nola? Zergatik? Ez da posible. Ezinezkoa da. Ez da egia.
Eskuak dardarka dituzu. Ezin duzu arnasa hartu. Malkoak uholdeka ari zaizkizu erortzen. Ez dakizu zer ari zaizun gertatzen. Lurrikara bat dirudi zure gorputzak, sinetsi nahi ez duzun hori errealitate gordina dela esan nahi balizu bezala.
Pasatu da egun bat, joan dira bi. Eta kostatu egiten zaizu gertatua errealitate gisa irudikatzea. Oporretara joaten zenean ere egoten zinen denbora bat ikusi gabe. Astebete, bi, hiru, edo lau.
Baina badoaz asteak aurrera, hilabeteak, eta gaur ere ez duzu ikusi. Ez da gosaltzera jaiki. Ez da ohikoa zuen tragoa hartzera agertu. Hutsik dago bere aulkia. Eta ohartzen zara ezinezkoa zirudiena badela, joan egin dela. Ez duzula gehiago ikusiko, ez orain, ez gero.
Ez Gabonetan, ez bere urtebetetze egunean.
Eta orduan bai egin duzula negar. Uste duzu inoiz ez zarela geldituko. Ezingo zarela gelditu. Betiko biziko zarela uholde jasa baten azpian.
Uholde jasak maitasun keinu bihurtzen asmatzea; horixe bizitzarekin berradiskidetzea
Orduan konturatu zara ezin zarela horrela bizi. Ez dagoela horrela bizitzerik. Erabaki duzu erauntsi horren erdian eguzki printza bat bilatzen saiatzea. Txarrak, txarretan txarrena izanda ere, zerbait ona ekar dezakeela ikusten ahalegintzea. Zerbait. Argi izpi bat bada ere.
Astindu dituzu gogoak eta oroimenak. Arakatu harekin bizi izandako momentuak, aztertu pasadizoak, gogoratu ateraldiak, bidaiak, barreak, kafeak, parrandak, uneak. Izango ez denaren tristean baino, izan zenaren ederrean jarri duzu fokua. Aldatu duzu norabidea.
Badakizu hutsunea ordezkaezina izango dela. Ez dagoelako bera bezalako beste bat, ez dagoelako bera bezalako beste inor. Baina, pixkanaka, gehien maite zituen gauzak zeure egiten joan zara, harekin bat egiten, haren zuloa maitasunez betetzen.
Falta izanda ere, nolabait badagoela sentitzen.
Uholde jasak maitasun keinu bihurtzen asmatzea; horixe bizitzarekin berradiskidetzea.
Holz Und Blech, horren eredu zarete. Beste urte batez, aurten ere egingo duzue maitasun erakustaldia.