Datorren asteazkenean hasiko da Pilotari Eguneko bi eta erdiko txapelketa

Ane Olaizola 2023ko api. 19a, 10:25

Emakumeetan, ez da bi eta erdiko txapelketarik izango, pertsona bakar batek eman duelako izena; binakako lehietan, berriz, 45 bikote arituko dira nor baino nor gehiago.

Ekainaren 10ean ospatuko den Pilotari Eguneko txapelketen izen-emateak itxi dituzte, eta egitasmoaren antolatzaile Txulue elkarteak jakinarazi du zenbat lagunek parte hartuko duten horietan: emakumezkoetan, 11 bikote arituko dira binakako txapelketan, baina bi eta erdiko txapelketa bertan behera geratu da, emakume bakar batek eman duelako izena. Gizonetan, berriz, 34 bikote arituko dira binakako lehian; bi eta erdikoan, berriz, 27 pilotari lehiatuko dira.

Antolatzaileek egin dute gizonen bi eta erdiko txapelketaren zozketa, eta jakinarazi dute datorren asteazkenean, hilaren 26an, hasiko direla norgehiagokak, Kontzejupean. Astero jokatuko dituzte partidak, asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan, 18:30ean hasita. Ohi bezala, kanporaketa bidez eramango dute aurrera txapelketa, eta dagokion partida galtzen duen jokalaria txapelketatik kanpo geratuko da. Izena eman duten guztietatik 22 pilotari final hamaseirenetan hasiko dira lehian, eta gainontzeko bostak zuzenean final zortzirenetara sailkatu dira.

Elkarteak datozen egunetan egingo ditu binakako txapelketen zozketak, eta aurrerago jakinaraziko dute horien egutegia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide