Prest da Holz Und Blech musika jaialdiaren egitaraua

Ane Olaizola 2023ko api. 18a, 15:14

Holz Und Blech jaialdiaren barruan, Uraini iaz egin zioten omenaldiaren irudi bat. (Anartz Izagirre)

Zuhaitz Urain zenaren oroimenez antolatzen duten musika jaialdia egingo dute datorren astean. Antolatzaileek, aurten, hiru egunetarako programatu dituzte ekintzak, eta inoizko doinu elektroniko gehien entzungo da aurtengo edizioan, disko jartzaile ugarik parte hartuko baitute. Musika saioek ez ezik, askotariko ekintzak izango dira, eta izango da berrikuntzarik ere.

Zuhaitz Urain Zizu zena omentzeko, hark musika elektronikoarekiko zuen zaletasuna bozgorailuetatik zabalduko dute beste urte batez Azkoitian. Zazpigarren aldiz antolatu dute haren gertuko hainbat lagunek Holz Und Blech musika jaialdia, eta aurten, inoiz baino gehiago entzungo dira doinu elektronikoak herriko txokoetan, taldeak hiru egunetarako (apirilak 28, 29 eta 30) programatu baititu ekintzak, eta hango nahiz hemengo 46 artistek eskainiko dituzte saioak.

Disko jartzaileen emanaldiek ez ezik, musika elektronikoari lotutako askotariko saioek osatuko dute aurtengo egitaraua. Hain zuzen, gazteei zuzendutako DJ ikastaroarekin hasiko dute aurtengo jaialdia hilaren 28an, ostiralez. Hara bertaratzen diren 13-18 urte arteko nerabeek aukera izango dute disko jartzaileek erabiltzen dituzten CDJ erreproduzitzaileekin musika elektronikoa esperimentatzeko. Elkarguneko Herriko Plaza aretoan izango da ikastaroa (17:30), eta ondoren, Argia izenpean diskoak jartzen aritzen den Helena Calvarro musikariak hitzaldia eskainiko du. Artista madrildarrak bere bizipenak zein musika ibilbidea plazaratuko ditu Kultur Etxeko hirugarren solairuan dagoen aretoan (20:00).

Larunbateko egun luzeari, berriz, Urainen omenezko ekitaldiak emango dio hasiera. 12:00etan, Plazaberrin elkartuko dira 2015ean hil zen gaztea oroitzeko, eta segidan hasiko da musika festa. Izan ere, eguerdian hasi eta goizaldera arte musika elektronikoak zipriztinduko ditu herriko tabernak.

Aurten, igandean ere izango da zer ikusirik eta zer entzunik: batetik, aurrenekoz binilo azoka egingo dute 12:00etatik 19:00etara Plazaberrin, musika elektronikoari bultzada emateko asmoz. Hainbat diskoetxek parte hartuko dute azokan, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, "musika aukera zabala" eta "giro bikaina" izango dira bertan; bestetik, 15:00etatik aurrera, bezperako irudia errepikatuko da herriko hainbat tabernetan zein txokotan. Maiatzaren 1a jai eguna dela baliatuta, disko jartzaileen saioak izango dira igandean ere goizaldera arte.

Hemen ikus daiteke zapatuko eta igandeko musika egitaraua:

Larunbata, apirilak 29:

Igandea, apirilak 30:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide