Azkoitiko Gazte Asanbladak bigarren urteurrena ospatuko du zapatuan

Andoni Elduaien

Iazko urteurren ekitaldiko irudi bat. (Mailo Oiarzabal)

Goiko Losa pilotalekuan elkartuko dira, eta hainbat ekitaldi egingo dituzte. Triki-poteoa egingo dute aurrena, eta bazkaria gero. Arratsaldean, solasaldi bat eta musika kontzertuak izango dira frontoian bertan.

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) bigarrenez ospatuko du larunbatean, apirilak 22, taldearen sorrera. Eguerdian, 12:00etan, triki-poteoarekin hasiko dituzte urteurreneko ekitaldiak Goiko Losa pilotalekuan, eta ondoren, bazkaria egingo dute frontoian bertan. Bazkaltzeko 8 euro ordaindu beharko da.

Arratsaldean, solasaldia eta musikarien emanaldia izango dira Goiko Losan. Bazkalostean eskainiko dute solasaldia, eta gaztetxea eskuratzeko prozesuaz hitz egingo dute orduan. Hain justu, orain arte egindako bideaz eta aurrera begira dituzten asmoak zein diren azalduko dituzte. 18:00etarako, berriz, kontzertuak antolatu ditu AGAk. Albi musika jartzailea eta Checkboyz Azkoitiko rap taldea izango dira protagonistak.

Ostiralean, Erresistentzia Jaialdia

Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak duen erresistentzia kutxa hornitzeko asmoz, jaialdia egingo dute ostiralean Goiko Losan bertan. "Borroka prozesu desberdinetan sortzen diren gastuei aurre egiteko mekanismoa da, hala nola identifikazioak, isunak, espazio itxierak eta husteak". 18:00etan hasiko da jaialdia.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide