Esku pilotako Buruz Buruko Txapelketa Nagusiaren final laurdenetako lehen jardunaldiko partida hartuko du ostiral honetan, apirilaren 14an, Azkoitiko Gurea pilotalekuak.
Final zortzirenak kanporaketa zuzenez erabaki ostean, ligaxka jokatuko dute final laurdenak ebazteko, launa pilotariko bi multzotan banatuta. Azkoitian, B multzoari dagokion lehen jardunaldiaren barruan neurtuko dituzte indarrak Dario errioxarrak eta Peio Etxeberria nafarrak. Bi aurrelariek aise gainditu dituzte final zortzirenak. Dariok herenegun lortu zuen ligaxkarako txartela, Ezcarayn (Errioxa, Espainia) Arangurenin 22-6 irabazita: Etxeberriak, berriz, 22-2 gainditu zuen Alberdi atzo Tolosan (Gipuzkoa).
Ostiraleko partidarako pilotak aukeratzeko hitzordua gaur bertan dute Dariok eta Etxeberriak Gurean, 14:00etan.
Ostiralean, 22:15ean hasiko da profesionalen pilota jaialdia Gurean. Buruz Buruko neurketaz gain, binakako partida bat ikusteko aukera izango dute frontoira joaten direnek (ETB1ek ere emango du jaialdia). Zehaztu berri dute nortzuk jokatu duten binakakoa: Altuna eta Bikuña Artolaren eta Martijaren kontra ariko dira.