Saretzen

Azkoitiak du eskualdeko atzerritar tasarik handiena

Aitziber Arzallus 2023ko api. 5a, 08:50

Urola Kostako herrietan, Azkoitiak du atzerritarren tasarik handiena: %11,7. Herrian bizi diren hamar atzerritarretatik lau afrikarrak dira, hiru amerikarrak, eta gainontzekoak, asiarrak eta europarrak. Jatorriko herrialdeari erreparatuta, berriz, marokoarrena da komunitaterik handiena, alde handiarekin, eta pakistandarrena bigarrena. Generoari dagokionez, amerikarren artean emakumeak dira nagusi; beste kontinente guztietako atzerritarren artean, ostera, gizonak.

Urola Kostan, Azkoitia da atzerritarrik gehien bizi den herria; ez zenbaki absolutuetan, baina bai biztanleria osoarekiko proportzioan. 2021ean, guztira, 11.617 herritar bizi ziren, eta horietatik 1.153 atzerritarrak ziren; herritar guztien %11,7. Eskualdeko batez bestekoa %9,5 da, eta batez bestekoaren eta Azkoitiko ehunekoaren artean daude Azpeitia (%9,8), Zestoa (%10,4), Orio (%11) eta Getaria (%11,3). Bailarako gainontzeko herrietan, atzerritarren proportzioa eskualdeko batez bestekoa baino txikiagoa da.

2002an, 159 atzerritar bizi ziren Azkoitian, eta herritar guztien %1,5 ziren horiek. Garai hartan, europar eta amerikar jatorriko atzerritarrak ziren nagusi, eta afrikarrena zen hirugarren talderik handiena. Gaur egun, ostera, Afrikan jaiotakoak dira herrian bizi diren atzerritar gehienak, hamarretik lau baino gehiago, eta nabarmen txikitu da europarren ehunekoa. Hala ere, zenbaki absolutuetan, kontinente guztietako atzerritarrak ugaritu dira.  

Beheko grafikoan argi ikus daiteke kontinente bakoitzeko atzerritarren kopuruak izan duen bilakaera. Afrikarren kopurua etenik gabe hazi da azken hogei urteotan; aldiz, bilakaera gorabeheratsuagoa izan dute amerikarren, asiarren zein europarren kopuruek. Europarrena hazi egin zen 2008ko krisialdia bitartean, baina, harrezkero, egonkor mantendu da. Amerikarrena ere hazi egin zen 2008ra artean; gero, egonkortzera egin zuen; baina 2014az geroztik, hazkunde indartsua izan du berriz ere. Asiarrena, ostera, 2012an iritsi zen gorengo puntura, eta ordutik hona jaitsi egin da, nahiz eta azken bi urteotan berriz ere goranzko bidea hartu duen. 

Jatorriko herrialdeari dagokionez, herrian bizi diren atzerritarren laurdenak marokoarrak dira, eta hamarretik ia bi pakistandarrak. Marokoarren kopurua ia etenik gabe hazi da azken hogei urteotan. 2009a izan zen salbuespen bakarra. Urte horretan, marokoarren kopurua zertxobait murriztu egin zen, ziur asko 2008an hasitako krisialdi ekonomikoaren ondorioz.

Pakistandarren kopuruak, aldiz, gorabehera handiagoak izan ditu bi hamarkada hauetan. 2011ra arte, urtez urte hazkunde indartsua izan zuen, baina 2013tik 2018ra bitartean, murriztera egin zuen. 2019az geroztik, berriz ere goranzko bidea hartu du, baina hazkundea mantsoagoa izan da, eta oraindik urrun dago 2013ko kopurutik.

Aljeriako, Argentinako, Portugalgo eta Senegalgo herritarren komunitateak ere esanguratsuak dira, baina marokoarren eta pakistandarrean aldean txikiak. Aljeriarren, Argentinarren eta Senegaldarren kopurua haziz doa urtez urte, nahiz eta hazkundea motela den; aldiz, portugaldarren kopurua murriztu egin da 2009az geroztik.  

Generoari dagokionez, Azkoitian bizi diren atzerritarren %52 gizonak dira eta %48 emakumeak, ia erdi eta erdi dira beraz. Baina generoaz gain jatorriari ere erreparatuz gero, aldeak nabarmenak dira. Asiarren eta europarren artean, askoz ugariagoak dira gizonak; afrikarren artean ere, gehiago dira gizonak, baina aldea txikiagoa; aldiz, amerikarren artean, emakumeak dira hamarretik sei baino gehiago. Alde horiek beti egon izan dira gainera.  

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide