Plaza Ondo jubilatuen elkarteak irteera egingo du apirilaren 19an, asteazkenez. Egun horretan, Lesaka eta Doneztebe (Nafarroa) bisitatuko dituzte herritarrek. Dagoeneko zabalik da irteeran parte hartzeko izen-ematea, eta apirilaren 4ra arte (asteartea) egongo da irekita. Azkoitiko Kultur Etxean jubilatuen elkarteak duen lokalean eman beharko da izena, 40 euro ordainduta. Astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan irekiko dute jubilatuen elkarteko bulegoa, 10:30etik 12:00etara.
Irteera egunean, 08:30ean abiatuko dira parte hartzaileak autobusez Aizkibel liburutegiaren ondoko autobus geralekutik. Nafarroako bi herriak ezagutzeko aukera izango dute orduan azkoitiarrek. Bazkaria ere egingo dute, hain zuzen, Doneztebeko Santamaria jatetxean. Antolatzaileek nabarmendu dute, parte hartzaile bakoitzak eraman beharko duela hamaiketakoa egun-pasara. Aldiz, edariak Plaza Ondok eskainiko ditu. Halaber, izena ematerakoan jakinaraziko dute elkarteko kideek bazkaltzeko izango duten menua.