Azkoitiko EAJk ostegunean aurkeztuko du datorren maiatzaren 28an izango diren udal hauteskundeetarako osatu duen hautagaien zerrenda. Hogei laguneko zerrenda osatu du Azkoitiko EAJk, eta horren aurkezpena 19:00etan izango da, Elkargunean.
Ekitaldia Ana Azkoitia EAJren alkategaiak bideratuko du, eta zerrendako kideek ez ezik, Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bozetarako Deba-Urola barrutiko zerrendaburuak ere parte hartuko du bertan.
Azkoitiak aurreratu duenez, hautes zerrendako zortzi lagun gaur egun Udal Gobernuko kide dira, eta gainerakoak, taldera batu nahi izan duten herritarrak dira. Zentzu horretan, talde "orekatua" osatu dute, haren ustez. "Lehendik gatozenon eskarmentua eta ezagutza eta kide berrien ilusioa, indarra eta horiek dakarten bizigarria uztartuko ditugu".
Halaber, herritarrak osteguneko ekitaldian parte hartzera animatu ditu zerrendaburuak.