Esaizu euskaraz! hiztegitxoa aurkeztu du Marijose Arregi Euskara zinegotziak Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroan. Udalak iazko udan kaleratu zuen adineko pertsonen zaintzaile erdaldunentzako pentsatutako hiztegia, eta erakundeak orain "zabalkundea ematea" du helburu. Hain zuzen, udalaren esanetan, euskaraz ez dakien edonorentzat izan daiteke "lagungarria" argitalpena, eta horregatik aurkeztu berri dute hura Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroan.
Euskaraz ez dakienarentzat "baliabide egokia" eta euskarara hurbiltzeko "tresna aproposa" da hiztegia, udalaren esanetan. "Izan ere, poltsikoko hiztegia da, erabilerraza, eta azkoitiarrez jasotzen ditu hitz eta esamolde erabilienak". Besteak beste, agurtzeko moduak, oinarrizko kontzeptu batzuk, asteko egunak, zenbakiak eta orduak, koloreak edota eguraldiari lotutako esamoldeak jasotzen ditu argitalpenak.