Azkoitiko Udala Gizarte Zerbitzuen Sailak eskaintzen dituen prestazioen eta zerbitzuen inguruko gida ari da banatzen etxez etxe, herritarrek eskura izan dezaten "erabilgarria" izango zaien informazioa. Erakundea dagoeneko ari da banatzen liburuxka, eta Janire Igoa Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, "interesgarria zein beharrezkoa" da ekimena: "Herritarrek interesatzen zaien informazioa eskatzen dute, eta osatu dugun prestazioen gida gizarte-zerbitzuen inguruko informazio guztia modu erraz eta praktikoan eskuratzeko tresna da. Kosta ahala kosta saihestu nahi duguna da Azkoitiko bizilagunak ez jotzea Gizarte Zerbitzuetako ateak, edo laguntzarik ez eskatzea, ez dutelako informaziorik edo ez dakitelako zer egiten dugun".
Euskaraz zein gaztelaniaz irakur daiteke gida, eta udaĆak zazpi ataletan banatu du, informazioa "errazago" ulertzeko. Besteak beste, adinekoek, adingabeek eta haien familiek, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonek eta indarkeria matxistaren biktimek dituzten laguntza nagusiak "xehe" jasotzen ditu liburuxkak, baita Gizarte Zerbitzuetan izapidetzen diren dirulaguntzak ere. Udalaren arabera, sail horrek 8.899 pertsonari eman zien arreta iaz, eta hilean, bataz beste, 740 herritar baino gehiago igarotzen dira Gizarte Zerbitzuen bulegoetatik.