Bihar, ostirala, Marea Urdinak Urdinduz egitasmoaren banderak banatuko ditu Azkoitian. Hain justu, herriko plazan, Kontzejupean, egingo dute bandera banaketa. 18:00etatik aurrera egongo dira Marea Urdina elkarteko kideak banderak banatzen.
Apirilaren 2an Autismoaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute, eta egun horretarako antolatu dituzte Urdinduz egitasmoaren ekintzak ere. Hori horrela, Urdinduz eguna girotzeko bandera urdinak etxeko eta herriko eraikinetako balkoietan zintzilikatzeko deia egin die herritarrei Marea Urdinak.
Urdinduz egitasmoa urtero antolatzen duten ekimen bat da, eta haren helburua da gizartea autismoaren inguruan kontzientziatzea eta nahasmendu hori duten pertsonek aurre egin beharreko hesiak zein diren ezagutaraztea.