Anaitasuna futbol taldeak duela 50 urte afizionatuen Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen taldea omenduko du larunbatean. Egungo gizonen lehen taldeak Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko Barakaldo liderra jasoko du Txerloian (17:00), eta partida hasi baino lehen egingo die klubak omenaldia talde hartako partaideei. Aurrez, gainera, bazkaria egingo dute.
1972-1973 denboraldia ezin hobea izan zen Anaitasunarentzat. Afizionatuen mailako gizonen taldeak Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen aurrena. 1973ko martxoaren 19an lortu zuen Anaitasunak txapelketa irabaztea. 3 eta 1 nagusitu zen herriko futbol taldea Tolosaren aurka, Michelin zelaian. Pronostiko guztien aurka, neurketaren hogeigarren minuturako bi eta huts aurretik jarri zen Anaitasuna, Larrañagaren eta Sagarzazuren golekin. Atsedenaldiaren ondoren, berriz, Juaristik egin zuen gorritxoen hirugarren gola. Neurketa amaitzeko minutu gutxi falta zirela egin zuen Tolosak neurketako bere gol bakarra.
Anaitasunak Gipuzkoako Txapelketaren titulua berretsi zuen hogei urteren ostean; izan ere, 1953an Atotxa futbol zelaian 3 eta 1 irabazi zuten azkoitiarrek Hernaniren aurka. Uztailean, berriz, Anaitasunak afizionatuen Espainiako Txapelketa irabazi zuen Cacereñoren aurkako lehia iraulita. Caceresen (Espainia) 3 eta 2 galdu zuen Anaitasunak, eta Altzibarren 4 eta 1 irabazi zuten gorritxoek.
Xabi Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak Barakaldo liderra izango du aurrean, zapatuan. Hain zuzen, partidarik galdu gabe iritsiko dira barakaldarrak Azkoitira, eta neurketa irabaziz gero Bigarren RFEF Mailara igoko dira. Ordea, Barakaldo futbol taldea ez da bakarrik etorriko Txerloira; izan ere, jarraitzaile hori-beltz asko espero da Azkoitian. Dagoeneko sei autobus bete dituzte, baina presentzia handiagoa izatea espero da.