San Jose egoitzako jaiak ospatzeko, askotariko ekintzak egingo dituzte aste honetan

Andoni Elduaien 2023ko mar. 13a, 13:08

Duela urte batzuk egindako ekitaldi bateko irudia. (Artxiboa)

Gaurtik igandera bitartean hamaika ekitaldi egingo dituzte San Jose egoitzan. Aurten, gainera, herriko eskoletako ikasleen eta bestelako taldeen bisitak jasoko dituzte.

Aste berezia du aurretik San Jose egoitzak. Gaur hasi eta igande eguerdira arte, egoitzako jaiak ospatuko dituzte han. Udalak azaldu duenez, lehen Adinduen Astea deitzen zioten San Jose egoitzaren aste osoko egitarauari, baina aurten, izena aldatu diote. Aurrerantzean, San Jose Zentroko Jaiak izenez ospatuko dute adinekoei zuzendutako astea.

Azken urteetan, pandemia tarteko, egoitzan ezin izan dituzte eskoletako ikasleen eta herriko bestelako taldeen bisitak jaso. Aurten, egoitzatik igaroko dira Bizilore Eskola Aktiboa, Floreaga Ikastetxea, Xabier Munibe Ikastola eta Azkoitia BHI, baita Bizkargi Musika eta Dantza Eskola ere. Halaber, ekintza bereziak izango dituzte egunero.

Gaur, astelehena, olinpiadekin hasi dituzte jaiak egoitzan, eta arratsaldean, XXX. Seiko Urre Txapelketa egingo dute. Ondoren, patata tortilla eta txorizo pintxoak dastatzeko aukera izango dute. Bihar, asteartea, Floreaga Ikastetxeak egingo die bisita egoiliarrei (16:30), eta etzi, asteazkena, txokolatea txurroekin meriendatuko dute (16:00), segidan bingo saio berezia egiteko (17:00). Ostegunean, 12:00etan, Bizilore Eskola Aktiboko ikasleak jasoko dituzte egoitzan, eta 16:30ean, Xabier Munibe Ikastolako eta Azkoitia BHIko ikasleak. Ostiralean, berriz, pintxo tailerra egingo dute 11:00etan, eta, 17:15ean, Bizkargi eskolako kideak joango dira egoitzara.

Asteburuan jarraituko du jaiak egoitzan; Sendiaren Eguna izango da larunbata. 10:00etan, Txalkor txistulari taldeko kideak joango dira egoitzara, eta 11:00etan, meza izango dute. 12:00etan, udal ordezkariek opariak banatuko dizkiete egoiliarrei. 13:30ean, bazkaria egingo dute Iñaki Basabe abeslariarekin eta Kike Perez biolinistarekin. Igandean, San Jose egunean, bazkari berezia egingo dute 13:00etan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide