Gutxitan ikusten den irudi ederra utzi du Mahasti Krosaren laugarren edizioak; izan ere, eskutik helduta helmugaratu dira lehen bi sailkatuak: Ibai Makazaga oriotarra eta Imanol Larrañaga azkoitiarra. Hori dela eta, sari banaketara arte itxaron behar izan dute irabazlea bietako nor zen jakiteko. Bada, txipak Makazagari eman dio garaipena eta hura izan da txapela jantzi eta podiumeko goiko koxkara igo dena. Irabazleak bere pisua txakolin botiletan zuen saritzat; hori bai, Makazagak Larrañagarekin partekatu ditu 68 botilak.
Bi korrikalariek hasieratik hartu dute burua eta lasterketa osoan eutsi diote. Aurkaria atzean uzteko ahaleginak ere egin dituzte erritmoa bizituta, baina indarrak guztiz parekatuta zituztenez, ibilbidearen erdira iritsitakoan lasterketa batera egitea adostu dutela aitortu dute. Gainera, asko ari ziren arriskatzen, eta baldintzak ez ziren egokienak: lokaztuta zegoen lasterketa eremua eta giroa ere sargoria zen. Hala, elkarrekin egin dute 7,2 kilometroko bide osoa 32 minutu eta 25 segundoan. Ia bi minutura iritsi da podiuma osatu duen Mikel Usandizaga aiarra (34:02).