Euskadiko Automobilismo Federazioak 2022. urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatutako auto lasterketetako nahiz txapelketetako sariak banatu ditu gaur, larunbata, Baztartxo antzokian. 12:00etan egin dute sari banaketa ekitaldia, eta Euskal Herri zabaleko auto gidari eta kopilotu onenak elkartu dira bertan. Guztira, 100 sari inguru banatu ditu federazioak.
Besteak beste, autokross txapelketako sariak, slalomekoak, erregulartasunarenak, rally-sprint txapelketakoak, lur gaineko rallyetakoak, mendikoak, 206 Kopakoak eta rallyetakoak eman dituzte. Sarituen artean azkoitiar bat baino gehiago izan dira. Batetik, saria jaso dute Iraitz Olariaga eta Oihane Uranga nahiz Egoitz Lizarralde eta Leire Odriozola bikoteek, eta bestetik, Mikel Odriozolak.
Lizarraldek eta Odriozolak sari ugari jaso dituzte gaur, izan banaka nahiz binaka. Lizarraldek rally-sprint txapelketako eta rallyetako junior mailako gidari onenaren sari bana jaso du. Era berean, bikoteari rally-sprint txapelketako bigarren klaseko autorik onenaren saria eman diote. Rally-sprint kategoriako eta rallyetako 1.6 Kopa kategorian ere saritu dituzte Lizarralde eta Odriozola, baita 206 Kopa kategoria orokorrean ere.
Olariagak eta Urangak, berriz, bi sari jaso dituzte. Batetik, rally txapelketetako hirugarren klaseko autorik onenaren garaikurra entregatu diote, eta bestetik, rallyetako 2.0 Kopa kategoriako onenarena. Mikel Odriozolak, ostera, rally-sprint txapelketako Propulsion Kopako hirugarren saria jaso du.