Bizkargi eta Iraurgi abesbatzen saioarekin hasiko da aurtengo Taldez Talde

Nerea Uranga 2023ko mar. 11a, 09:00

Iaz, Taldez Talde egitasmoko saio bat.

Bihar hasiko da Bizkargi musika eta dantza eskolak antolatzen duen Taldez Talde egitasmoaren 22. edizioa.

Musika kalera ateratzeko helburuarekin hasi zen Bizkargi dantza eta musika eskola Taldez Talde egitasmoa antolatzen; aurten, 22. edizioa beteko du. Bihar, igandea, hasiko da aurtengo edizioa, eta martxoan hiru igandetan izango dira Taldez Talde egitasmoko saioak. Biharkoan, Bizkargi eta Iraurgi abesbatzek eskainiko dute saioa, 12:30etik aurrera, Kontzejupean.

Bizkargi abesbatzak, Maje Larrañagaren zuzenduta, honako abestiak kantatu ditu bihar: Negua joan da (Zea Mays), Something just like this (Coldplay), Boyabo Haboker (J.Hadar), Nothing else matters (Metallica) eta Aske Maitte (Gatibu). Abesbatzari lagunduz perkusioan ariko diren musikariak honakoak izango dira: Oier Angulo, Ian Arellano, Unax Rojo eta Eñaut Aldazabale. Pianoa, berriz, Marijose Arregik joko du.

Iraurgi abesbatza Iñaki Maidaganek zuzenduta ariko da, eta honakoak dira kantatuko dituen abestiak: Oi ama Euskal Herria (B. Lertxundi), Guantanamera (J. Fernandez), Neskatxa maite (Xabier Sarasola) eta Segalariak (Josu Elberdin).

Saioaren bukaeran, bi abesbatzek elkarrekin abestuko dituzte Syyahamba abesti afrikar tradizionala eta L. Campbellen The lion sleeps tonight. 

Hurrengo beste bi saioak

Hurrengo bi saioak hilaren 19an eta 26an izango dira, biak 12:30ean hasita eta Kontzejupean. Martxoaren 19an, euskal musika tresnak eta dantza uztartuko dituen emanaldia eskainiko dute. Martxoaren 26an, berriz, Bizkargi eskolako Banda Gaztea eta Azkoitiko Musika Banda izango dira Taldez Talde saioko protagonistak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide