Euskadiko Automobilismo Federazioak 2022. urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatutako txapelketako sariak banatuko ditu bihar, larunbata, Azkoitiko Baztartxo antzokian. 12:00etan egingo dute sari banaketa ekitaldia, eta guztira, 100 sari inguru banatuko dituzte herrian.
Besteak beste, autokross txapelketako sariak, slalomekoak, erregulartasunarenak, rally-sprint txapelketakoak, lur gaineko rallyetakoak, mendikoak, 206 Kopakoak eta rallyetakoak banatuko dituzte bihar Azkoitian. Hain justu, herriko pilotu eta kopilotu bat baino gehiago sarituko dituzte: batetik, Iraitz Olariaga eta Oihane Uranga nahiz Egoitz Lizarralde eta Leire Odriozola bikoteek eta Mikel Odriozolak.
Lizarraldek eta Odriozolak sari ugari jasoko dituzte. Batetik, Lizarraldek banakako sariak jasoko ditu; izan ere, rally-sprint txapelketako eta rallyetako junior mailako gidari onenaren sari bana emango diote hari. Bestetik, rally-sprint txapelketako bigarren klaseko autorik onenaren saria jasoko dute pilotuak eta kopilotuak. Rally-sprint kategoriako eta rallyetako 1.6 Kopa kategorian ere sarituko dituzte Lizarralde eta Odriozola, baita 206 Kopa kategoria orokorrean ere.
Olariaga eta Uranga ere ez dituzte esku hutsik utziko; izan ere, bi sari jasoko ditu bikoteak. Batetik, rally txapelketetako hirugarren klaseko autorik onenaren saria emango diote, eta bestetik, rallyetako 2.0 Kopa kategoriako onenarena. Mikel Odriozolak, ostera, rally-sprint txapelketako Propulsion Kopako hirugarren saria jasoko du.