Emakumeenganako zapalkuntzen kontra antolatzeko aldarria zabaldu du Itaiak Martxoaren 8an

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 8a, 19:49

Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki lelopean kontzentrazioa egin du Itaiak Azkoitiko plazan. Emakume langileen jasaten dituzten zapalkuntzei aurre egitearen ezinbestekotasuna aldarrikatu dute. Era berean, "emakume langileak askatuko dituen gizartea eraikitzeko baldintzak" eskuratzeko beharra azpimarratu dute. 

Martxoaren 8a azken hondarretara iristen ari da. Eguna amaitzeko, Itaiak deituta, kontzentrazioa izan da Azkoitiko plazan Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki lelopean. Herritar ugari bertaratu da deialdira Itaiak egindako aldarriekin bat egiteko. 

"Emakume langileen zapalkuntza lehen lerroan jartzeko eta eta horren aurrean emakumeak antolakuntzara batzeak duen garrantzia azpimarratzeko" mobilizatu da Itaia. Emakumeen antolakunde sozialistako kideek adierazi dutenez, "telebistak, irratiak, alderdi politikoek eta instituzioetako bozeramaileek", besteak beste, "ustez gero eta feministagoa den gizartea" irudikatzen duten arren, "aldaketa gutxi" izan direla uste du Itaiak: "Egoerak okerrera egin du. Emakume langileon egunerokoan aldaketa gutxi ikusi ditugu, eta emakume askoren bizi baldintzek okerrera egin dute". 

Zentzu horretan, erakundeetako politikak jarri dituzte jomugan: "Instituzioek berdintasunaren aldarrikapena bere egin badute ere, ez  dute zapalkuntzarekin amaitzeko borondate errealik erakutsi. Instituzioetatik, ez zaio emakume langileon problematikari heldu. Parekidetasun legea bezalako neurriak, goi postuetako emakumeen eskubideaz arduratzen dira batez ere, eta Martxoak 8 bezalako borroka egun bat ospakizun bilakatu nahi dute". Enpresariengan ere jarri dute fokua: "Gobernuetatik proposatzen diren legeek emakume langile asko eta asko bazterrean uzten dituzte, eta enpresariak emakume langileon esplotazio basatiaz aberasten jarraitzen dute". Era berean, gaineratu dute, "atzeraldi ekonomikoak zuzen-zuzenean" eragin duela emakumeengan: "Atzeraldi ekonomikoak emakume langileon bizi baldintza are gehiago okertzea eragin du, hor daude egiturazko pobrezia, instituzioekiko dependentzia ekonomiko handiagoa, indarkeria matxista kasuen gorakada eta gogortzea, gure gorputzen aurkako sexualizazioa...". Komunikabideen jarrera eta emakumeenganako indarkeriaz hitz egiteko modua ere salatu du Itaiak, aipatuz "isildu edo manipulatu" egiten direla  "prostituzioa, zaintzaileen egoera edo etxeko langileen salerosketa" bezalako auziak. 

Testuinguru politiko eta ekonomiko honetan, "bi aukera" daudela adierazi du Itaiak: "Elite ekonomikoaren menpeko gizartea eta horrek dakarren bizi baldintzen okertzea onartu edo haien iruzurrari aurre egin eta emakume langileok askatuko gaituen gizarte sozialista eraiki". Emakumeen antolakunde sozialistatik norabide horretan lanean jarraituko dutela adierazi dute: "Gaurdanik hasi behar dugu norabide horretan lanean. Hau da, klaserik gabeko, eta horren ondorioz zapalkuntzarik gabeko gizartea eraikitzeko baldintzak eraiki behar ditugu. Antolakuntzaren baitan garatzen ditugun borroka prozesuen eta sortzen ditugun tresna propioen baitan zapaldu ororentzat espazio seguruak lortu behar ditugu; zapalduen aurkako eraso guztiei erantzunez, eta horretarako bitartekoak sortuz. Hori guztia lortzeko emakume langileok subjektu politiko izan behar dugu, horretarako ditugun oztopoei aurre egiteko bitartekoak sortuz". 

Gaztetxoen ekimenak

Elkarretaratzea hasi aurretik, ordea, Artxamendi topalekuak eta Kale Hezitzaileek ekimen bateratua egin dute plazan bertan. Hain zuzen, herritarrei hainbat galdera luzatu dizkiete bi karteletan. Batetik, galdetu dute emakume langilea izatea zer den. Eta bestetik, nola lor daitekeen genero berdintasuna. Era berean, gizonentzako eta emakumeentzako lanak al dauden galdetu dute. Herritar bat baino gehiago ausartu da bere erantzuna Kontzejupean jarritako karteletan idaztera.

Horrez gain, herriko hainbat emakume esanguratsuren izenak hartu eta gizonen izena daramaten kaleetako plaken alboan itsatsi dituzte herriko emakume horien izenak zeramatzaten plakak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide