Floreaga ikastetxeak antolatuta, hitanoan aditua eta euskara irakaslea den Xabier Eizagirrek hitzaldi irekia eskaini zuen atzo ikastetxe horretan bertan. Hainbat gurasoren eta irakasleren aurrean aritu zen Eizagirre atzo, eta hitanoak etxean zein eskolan eduki behar duen presentzia nabarmendu zuen hark.
Udaleko Euskara Sailak eta herritarrek osatutako talde eragileak 2021ean jarri zuten hitanoa sustatzeko Hike Eizan egitasmoa, eta orduz geroztik, herrian hainbat ekintza eta proiektu egin dituzte. Horri lotuta, Floreagako eta Azkoitia BHIko hainbat ikaslek Eizagirrek zuzendutako hitanoari lotutako ikastaroetan parte hartu dute. Ikastaro horri jarraipena eman nahian, irakasle azkoitiarrak atzo gurasoei eta irakasleei eskaini zien Hike, etxetik eskola eta eskolatik etxea solasaldia.