Larunbatean, martxoak 4, Tentazioa Produkzioak konpainiak Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlana aurkeztuko du Baztartxon (19:00), erritmo biziko komedia zoroa bezain garratza. Obraren egilea Markos Goikolea da eta Mireia Gabilondo arduratu da zuzendaritzaz, eta Iñigo Aranburu, Iñigo Azpitarte, Mireia Gabilondo eta Aitziber Garmendia dira aktoreak.
Ez naiz inoiz Dublinen egon obra besteen bizipenen eta sinesmenen onarpenari buruzko komedia garratza da. Amesti familia Eguberri gaua ospatzeko bilduko da, baina aurtengoa berezia izango da. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londrestik itzuli da. Hura Cindyrekin joango da, bere neska-lagun irlandarrarekin. Guztiak daude hura ezagutzeko desiratzen, baina inork ez du esperoko Cindy pertsonai ikusezin bat izatea, familiaren oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat.
Atetik sartzen den momentuan, pertsona bitxi hau onartu ala ez erabaki beharko dute familian. Gau zoro batean murgilduta, protagonista bakoitzak bere fantasiak eta miseriak erakutsiko ditu. Eta elkar onartzeko zailtasunak izan arren, guztiek gauza berdinaren bila dabiltzala ikusiko dute ikus-entzuleek: bizitzen lagunduko dien ilusio baten bila.
Antzezlanerako sarrerak martxa onean ari dira saltzen, baina oraindik ere bada erosteko aukera. Entradium atarian 8 euroren truke eskuratu daitezke. Era berean, Maxixatzenek saiorako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu bazkideen artean. Horretarako, osteguna baino lehen eman beharko da izena honako lotura honetan.